Martxan da Markina-Xemeingo Karmen Jaietarako kartel lehiaketa
Lehiaketa udalak antolatuta dago, eta lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 1a da. Antolatzaileek lehiaketa bi fasetan banatu dute.
Oraindik Markina-Xemeingo Karmen Jaietarako bi hilabete falta badira ere, prestaketa lanetan hasita dago udala. Hain zuzen ere, kartel lehiaketa jarri dute martxan. Aurtengoa, gainera, berritasun handi bategaz dator: lehen aldiz lan irabazlea prozesu parte hartzaile baten bidez erabakiko da. Hau da, lehiaketak bi fase edukiko ditu: lehendabizikoan, udaleko kideek osatutako epaimahaiak lehiaketara aurkeztutako lan guztien artean aurretiazko aukeraketa bat egingo du. Gero, herritarrek boto bidez erabakiko dute 2023ko kartel irabazlea; herritarrek edukiko dute azken hitza.
Ohi modura, lehiaketak bi maila edukiko ditu: 16 urtetik beherakoak eta adin horretatik gorakoak. 16 urtetik beherakoen kategorian, lanik onenak 150 euro irabaziko ditu, eta nagusien kategoriako lan irabazlearen egileak 500 euro. Hala ere, lanak taldean zein bakarka egin daitezke. Parte hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu dezake, eta aurkeztutako lanak jatorrizkoak eta beste inon argitaratu gabeak izan behar dute. Kartelean Karmen Jaiak 2023 Markina-Xemein testua agertu behar da. Horrez gain, lanek genero ikuspegia errespetatu behar dute, sexuen arteko oreka egonik, irudi eta hizkuntza sexistarik gabe ezta homofobia edota xenofobia sustatzen duten adeiarik barik. Teknika librea da.
Ekainaren 1ean 14:30ean amaituko da lanak aurkezteko epea. Markina-Xemeingo udaletxean aurkeztu daitezke astelehenetik barikura bitartean; 08:15etik 14:30era Berton bulegoan eta arratsaldetan edo zapatuetan Udaltzaingoaren bulegoan. Bestetik, Uhagon Kulturgunean ere aurkeztu daitezke 09:00etatik 13:30era, eta martitzen eta eguaztenetan 15:00ak eta 19:00ak bitartean ere bai. Lanak paperean zein euskarri digitalean aurkeztu daitezke.