Lea-Artibai eta Mutrikuko pilotariek emaitza bikainak lortu dituzte GRABNI Txapelketan
Federazioen arteko GRABNI Txapelketako finalak lehiatu dituzte asteburuan Gasteizen, pilotaren modalitate guztietan, eta Lea-Artibaiko pilotari eta puntistek hainbat final jokatu eta irabazi dituzte.
Esku pilotan, Lea Ibarra Motrollo taldekoek hainbat garaipen lortu dituzte. Enara Gaminde laukiztarrak eta Olatz Beitia lekeitiarrak Bizkaiko federazioagaz lehiatu zuten txapelketa gazte mailan, eta Gipuzkoako Uxue Oses eta Leire Galdeanoren aurka nagusitu ziren; 22-9koagaz amaitu zen norgehiagoka.
Partidu “oso ona” egin zuten, txapelketan jokatu duten onena. Ligaxkan gipuzkoarren kontra galdu zuten arren, errebantxa lortu zuten finalean. “Elite mailan asko jokatu du Gamindek, atzelari oso ona da, eta sendotaasunez gailendu zen. Beitiak, gainera, nagusitasuna erakutsi zuen aurrean. Oso serio jokatu zuten eta partidu perfektua egin zuten”.
Gainera, taldeko Olatz Arrizabalagak eta Amaia Aldaik ere garaipena lortu zuten nagusien kategorian; Gipuzkoako Miren Larrarteri eta Naroa Agirreri 22-12 irabazita jantzi zuten txapela. Hasieratik amaierara bitartean, “nagusitasun handia” erakutsi zuten Arrizabalagak eta Aldaik, eta partidu amaieran “akats” batzuk egin zituzten arren, “kontrolpean” izan zuten aurrez aurrekoa.
Zesta-puntan Mugartegi-Lejardi, Agirre-Manzisidor eta Arakistain-Aldazabal gailendu dira
Zesta-puntan, gizonezkoetan Eduardo Agirre eta Mikel Manzisidor mutrikuarra gailendu ziren Gipuzkoako federazioagaz; Bizkaiko federazioagaz jokatu zuten Alex Goitia eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarren aurka aritu ziren. Norgehiagoka estua izan zen, gipuzkoarrak puntu bakarreko aldeagaz nagusitu baitziren: 29-30.
22 urtez azpikoen zesta-puntakoen lehian, Bizkaiko federazioagaz lehiatu zuten Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabalek 30-23 irabazi zieten Gipuzkoako Maite Ortiz de Mendibil eta Eneritz Lizardi mutrikuarrari.
Kategoria bereko gizonezkoetan, Bizkaiko Amets Aldazabalek eta Gorka Mugartegik galdu egin zuten finala (24-30); Gipuzkoako Victor Alberro eta Julen Cabanillasen kontra jokatu zuten.
Gazte mailan, Bizkaiko federazioagaz lehiatu zuten Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak 30-22 nagusitu ziren Gipuzkoako Naroa Merino eta Frida Watkins bikotearen aurka. Eta, Javier Urrutiak eta Ortzi Aldazabal berriatuarrak 30-12 irabazi zuen Zubizarreta eta Oinatz Agirregomezkortaren kontra.
Banakako kategorian, nagusietan Roberto Lekuek aurrez aurreko lehia irabazi zion Gamboari: 25-7.
22 urtez azpikoetan, berriz, Helena Barrenetxeak Laia Zabalari 25-7 irabazi zion finala, eta Oier Diaz gernikarrak Julen Basterraren aurka galdu zuen 9-25.
Gazte mailako Xabier Arrasate eta Martin Azpirozen aurkako finala estua izan zen, eta Arrasatek irabazi zuen (25-24).