Lekeition egindako 'Sorginak zirelako gara' jardunaldiak helburuak bete ditu
Lekeitioko eskolako guraso elkarteak antolatutako ekimenaren helburua zen “umeek azken urteetan naturarekin galdu duten harremana berreskuratzea eta aldi berean sorginek eta emakumeek gizartean zuten toki garrantzitsua berriro hartzea”. Guraso elkartetik nabarmendu dute ekimenak jendetza batu zuela herriko plazan; ume zein nagusiak, herritarrak zein kanpotarrak batu zirela esan dute: “Egun magikoa izan zen, eguraldi eguzkitsuak asko lagundu zigun, eta giro benetan bikaina eduki genuen. Jende asko izan genuen ekintzen inguruan galdezka”.
Esan dutenez, umeek “antolatutako ekintza guztietan” parte hartu zuten eta beste asko izan ziren “giroa ikusita” animatu zirenak. Horrez gain, antzerkian eta dantza erakustaldian ere “jende asko” batu zela esan dute. “Horrelako jardunaldi bat antolatzen dugun lehen aldia izateko oso pozik gaude dena ezin hobeto atera zelako. Benetan arrakastatsua izan zen, errepikatzeko modukoa”.