Ziortza-Bolibarko Udalak Gababusaren zerbitzu propioa eskainiko du
Barikuan [maiatzak 12] eskariak jasotzeko herritarrekin bilera egingo dute. Bileran parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute, zerbitzua han jasotako eskarien erabera antolatuko baita.
Ziortza-Bolibarko Udalak ez du 2023ko Gababus zerbitzua erabiliko. Horren ordez, herritarrei inguruko herrietako jaietara joateko alternatiba bat eskainiko die: “Herriko beharrizanetara eta errealitatera hobeto egokitzen dena. Uste dugu zuzenean guk antolatuta zerbitzua hobetu dezakegula, ikusiko dugu aurten ematen dituen emaitzak”.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, iaz ez zuten jaso Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteriaren eremutik jasotzen zuten diru laguntza, eta, ondorioz, “nabarmen” garestitu zitzaien zerbitzuaren kostua; aurrekontua “asko” igo zitzaiela esan dute. “Bazeuden jaiak eta egunak herritarrek eskari faltagatik zerbitzua erabiltzen ez zutenak, baina ordaintzen jarraitu beharra zegoen”.
Argitu nahi izan dute herritarrei zerbitzua ziurtatuko dietela. Hain zuzen ere, Berriatuko San Gregorio jaietatik itzultzeko zerbitzua eskaini zuten. “Herritarren eskariaren arabera antolatuko dugu garraioa. Aurretiaz eskaria jasoz gero, zerbitzua ziurtatuko dugu. Azken unean jasotzen diren eskariekin ahalegina egingo dugun arren, zailagoa izango da eskariei erantzutea”.
Bilera, barikuan [maiatzak 12]. Horregatik, udal ordezkariek barikuan [maiatzak 12] 18:00etatik aurrera udaletxeko berriko osoko bilkura aretoan egingo den bilera irekian parte hartzeko deia egin diete herritarrei. “Bereziki herriko gazteei eta horien gurasoei dei egiten diegu, baina gainerako herritarrei ere batzar horretan parte hartzeko eta dituzten eskariak mahai gaineratzeko eskatzen diegu. Garrantzitsua da bileran denok parte hartzea ahalik eta zerbitzu onena emateko”. Izan ere, udalaren helburua da herriko gazteen garraioaren beharrak aurretiaz hobeto identifikatzea: “Horretarako, bileran zuzenean jasoko dira eskualdeko jaietatik herrira etorri ahal izateko eskariak. Modu horretara, eskariak zein egun eta ze ordutarako dauden jakin ahal izango dugu”.