Jon Aldalur da Mutrikuko PSE-EEko alkategaia
Mutrikuarrak dio hurrengo lau urteak “erabakiorrak” izango direla, erronka "asko eta handiekin".
Alkategaiak esan du gaur egungo udalaren egoera politikoak ez duela herritarren artean dagoen “ideia aniztasuna” islatzen. Horrez gain, sozialisten ardatzak zehaztu ditu: “moratoria, gardentasuna, informazio zuzena, udal autonomia eta erabilera publikoa”. Arazo demografikoa, aldaketa klimatikoa edo trantsizio digitala zein energetikoa bezalako arazo orokorrak eguneroko udal kudeaketan sartu nahi ditu: “Herriko berezitasunak eta proiektuak gehituz; nolako gizartea eraikitzen jarraitu nahi dugun pentsatu behar dugu”.
Aldalur dikearen inguruan ere aritu da: “Obra erraldoi bat jakin gabe zertarako izango den. Eragin izugarria eduki dezake Mutrikuren etorkizunean, eta ez diogu alde onik ikusten. Ez da gure eredua. Luzatzearen eztabaidari uko egin zioten alderdi nagusiek, ondoren, beraien buruak zuritzera bideratutako parte hartze prozesu bat asmatu dute”.
Etorkizunean egin nahi dituzten proiektuen inguruen berri ere eman dute. Besteak beste, Saturraran aldera oinezkoentzako bide bat egitea, Ondarbeltz, Urasandi eta Deba ibaiaren plana gauzatu edota komentua berritu eta erabilera berri bat eman. “Badago hiritar talde bat ez dagoena ados udalean gehiengo handi batek hartutako erabakiekin. Ahaleginduko gara aniztasuna eta ideia berriak udalera eramaten”.