Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Udaberriko Festa Multikulturala antolatu du
Herrialde desberdinetako kulturak kaleratuko dituzte domekan [maiatzak 14], Zelaian. Beste herrialdeetako janari tradizionala, dantza erakustaldiak eta umeentzako ekintzak egongo dira aukeran.
Taldeak Markina-Xemeingo Udalagaz eta Eika Kooperatibaren laguntzagaz antolatu du domekako jaia [maiatzak 14]. Hala, Zelaia eta inguruak herrialde desberdinetako kulturen erakusle izango dira. Euria egingo balu, ekintzak Plazaberripera lekualdatuko lituzketela esan dute. Taldearen helburua da herria gaur egungo gizartearen erakusle izatea: “Jaiagaz Markina-Xemeinen elkarrekin bizi garen herritarren kultura desberdinen loturak sendotu nahi ditugu”.
Horretarako, hainbat herrialdetako herritarrek parte hartuko dute ekimenean: Senegal, Errumania, Ekuador, Maroko, Moldavia, Peru, Txile, Nikaragua eta Kolonbia. Besteak beste, herrialde horietako artisautza lanak ikusteko aukera eskainiko du jaiak; Ekuador, Nikaragua, Errumania eta Senegaleko dantza tradizionalak erakutsiko dituzte. Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeak ere bat egingo du jaiagaz, eta dantza erakustaldia eskainiko dute. Horrez gain, jatekoa ere egongo da: Kolonbia, Maroko, Nikaragua, Peru, Errumania, Moldavia eta Senegaleko plater eta pintxo ohikoenak prestatuko dituzte herritarrek dastatu ahal izateko.
Bazkalostean Layo musikariak emanaldia eskainiko du eta Doctor Dance dantzariak dantza saioa gidatuko du. Umeentzako jolasak eta sormen tailerrak ere egingo dituzte, eta hori guztia musika estilo ezberdinez girotuta egongo da. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek herritarrei eta inguruko herrietako bizilagunak jaian parte hartzera gonbidatu dituzte.
Egitaraua:
- 12:00: Aurkezpena
- 13:00: Dantzak (Zerutxu, Ekuador, Nikaragua, Senegal…)
- 14:00: Janari dastaketa
- 15:00: Musika (Layo) eta dantza (Doctor Dance)
- 16:00: Jolasak, sormen tailerra, musika eta amaiera