Alde Zahar beteko ospakizuna ekarri du Antxoa Egunak
Josu Arrizabalagaren anaia Jon Arrizabalagak jaso du Zilarrezko Antxoa. Esker ona adierazi dio herriari, aitortza egiteagatik, eta anaiak egindako lanak iraun egingo duela azpimarratu du: "Hitzak haizeak eramaten ditu, baina liburuan eta ordenagailuan daudenek, hor iraungo dute".
Antxoa Egunaren oinarriak indartsu daude. Euripean hasi da gaur [maiatzak 13, zapatua] Ondarroaren izaeraren isla den jaia. Iragarri modura, 12:00etan jo dute hiru turrunek eta, ordurako, artisau eta pintxo postuetan dena prest zeukaten herriko talde eta elkarteek. Eguraldi txarrari aurpegi ona jarrita, Erribera eta Nasa kaleak jendez betetzen joan dira.Â
Ohikoa den legez, 13:00etatik aurrera ibili da jende gehien, eta postuetan etenik barik ibili dira pintxoak zerbitzatzen. “Ia pintxo guztiak saldu ditugu, jende asko dabil”, zioten batzuek. “Eguraldia ikusita, pentsa baino askoz salmenta gehiago eduki ditugu”, beste bat edo batek. 405 kilo antxoa banatuko zituela iragarri zuen Ondarroako Udalak jaieguna aurkeztu zuenean eta, azkenean, 450 banatu ditu, herritarren eta bisitarien gozamenerako.Â
14:20an heldu da eguneko une bereziena. Josu Arrizabalaga Basterretxea omendu du Ondarroako Udalak; herriko berba eta esaerak batzen eta aztertzen urteetan egin duen lana aitortzeko. Omenduak ezin izan du zuzenean Zilarrezko Antxoa jaso eta, bere ordez, bere anaia Jon Arrizabalaga igo da agertokira. “Eskerrik asko Ondarroa Josuk egindako lana aitortzeagatik. Benetako lana egin du. Hitzak haizeak eramaten ditu, baina liburuan eta ordenagailuan daudenek, hor iraungo dute. Berbak eta esaerak biltzeko, anaia edadeko jendeagaz egon zen berbetan, batzuk bizirik daude eta beste batzuk ez daude gure artean. Anaiaren lana posible egiteko lagundu duten guztiei ere, eskerrak”, adierazi du hunkituta. Txalo zaparradapean utzi du agertokia.Â
Kantari. 22. Antxoa Eguna inoiz baino kantariago ailegatu da. Peli Markuerkiagaren gidaritzapean, Kantaize abesbatzekoak kantari aritu dira ohi legez eta, aurten, IbilaldiXE abesbatzaren errepertorioa ere entzun ahal izan da. Esti Arrizabalaga eta Yolanda Loiraren zuzendaritzapean, kalerik kale ibili dira maiatzaren 21ean Ondarroan ospatuko den ikastolen aldeko jaiaren inguruan herritarrek osatu duten abesbatza. Kantu eta koreografia alaiak eskaini dituzte belaunaldi ezberdinetako abeslariek.
Eguna agurtzeko, Garilak 26ren erromeriak hartu du Musika Plaza.