Lekeitioko Udalak 35 proposamen jaso ditu Zumatzeta-San Inazio eremuaren parte hartze prozesuan
Herritarrek 2022ko abenduan eta 2023ko urtarrilean eduki zuten ekarpenak egiteko aukera. Guztira 35 proposamen jaso dituztela esan dute.
Lekeitioko Udalak urbanizazioak eraberritzeko hainbat proiektu garatu ditu azken urteetan herriko “kaleak berritu eta irisgarritasuna, zerbitzuak eta bizi kalitatea hobetzeko asmoz”. Hurrengo hilabeteetan herriko gune handienetako baten urbanizazioari ekingo diote: Zumatzeta, Otxoa Urkiza, Buenaventura Zapirain, Harbiatx, Agirre Solarte, Kasimiro Etxebarria, San Inazio eta Letraukuaren zati bat. Guztira 12.800 metro karratuko eremua da.
Inguru horretako lanak jakitera emateko udalak eraberritzearen aurreproiektua kaleratu eta herritarrei erakutsi zien, azken horiek proposamenak eta ekarpenak egin ahal izateko. 2022ko abendutik 2023ko urtarrilera arte hainbat parte hartze saio egin zituzten, baita erakusketa ireki bat antolatu ere. 35 bizilagunen iritziak jaso dituzte, modu presentzialean zein digitalean. Udaletik esan dute “izaera ezberdinetako” ekarpenak jaso dituztela:
- Otxoa Urkiza eta Buenaventura Zapirain kaleak oinezkoentzat izatea.
- Agirre Solarteko hasierako zatiaren egungo noranzkoa mantentzea eta biribilgunea bidegurutzearen erdigunera lekualdatzea.
- Aparkalekuei dagokionez, horien kopurua mantentzeko eskaria egin da. “Gogoratu beharra dago espaloiak legediak zehazten duenaren araberako neurriak bermatzeko, aparkaleku kopurua mugatu beharko litzatekela”.
- Espaloien zabaltzeak Zumatzeta kalearen zirkulazioa noranzko bakarra izatea eragingo du, eta horretan ere, bi norabideak mantentzeko eskatzen da. Harbiatx kalearen hasieran ere noranzko bikoitza mantentzea eskatzen da.
- Harbiatxeko plazari dagokionez, zuhaitzak, loreak edota umeentzako jolas lekuak jartzea eskatzen da.
- Eraikinetan horma irudiak egiteko ekimenak sustatzea.
- Errepideko zati batzuk asfaltatzea.
Hurrengo pausoak. Proposamenak jasota, orain Zumatzeta-San Inazio guneko proiektuaren erredakzioagaz hasiko dira. Bertan bi jarduera mota nagusi egingo dituzte: lurperatutako instalazioak egokitzea eta espaloiak eta galtzadak berritzea. Lanek zirkulazioaren noranzkoan eta aparkalekuen berrantolaketan eragingo dute eta oinezkoentzako espaloiak hobetuko dira.
Zirkulazioaren noranzkoari dagokionez, orain noranzko bikoitza duten kale batzuk noranzko bakarrera igaroko dira, galtzada estutuz. Horri esker, espaloien zabalera handitu ahal izango dute. Era berean, horrek aparkalekuen berrantolaketa ekarriko du. Eta “oinezkoen joan-etorria hobetzeko” zebra bideak egokituko dituzte, espaloiak jaitsiz edo galtzadak altxatuz; zebra bideek ukipen-zoladura edukiko dute. Gainera, zuhaitz gaixoak berrituko eta zuhaitzik gabeko kaleetan espezie berriak jarriko dituzte. Egungo argiak aztertu eta berrituko dituzte, “oinezkoentzako segurtasun arriskua eragin dezaketen gaizki argiztatutako eremuak gera ez daitezen”.
Udal ordezkariek diote proiektuaren erredakzioa egin ondoren hobeto ikusi ahalko direla xehetasunak. Hala, eremuaren irudi bat sortu ahalko dela diote.