Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Leartibai Fundazioak Zientzia eta Teknologia Eguna antolatu du
Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian elkartuko dira, beste urte batez, datorren barikuan [maiatzak 26] LH 6. mailako ikasleak.
Maiatzaren 4an Busturialdeko Zientzia eta Teknologia Eguna ospatu zen Gernika-Lumoko Astra eraikinean. Bertan, DBH 4. mailako 325 ikasle elkartu ziren. Orain, Lea-Artibaiko gazteen txanda da. Datorren barikuan [maiatzak 26] LH 6. mailako 258 ikasle batuko dira Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian. Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker antolatzen dute.
Bertan 13 txoko izango dituzte robotika, materialak, adimen artifiziala, errealitate areagotua, elektronika, matematikak eta elektrizitatea bezalako gaiak lantzeko. Kooperatiben Mahaia Elkartea eta Leartibai Fundazioak eskualdeko eta inguruko enpresa eta erakundeen laguntza du ekimena aurrera eramateko, besteak beste, Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier.
Helburu argiekin. Bi erakundeek TALENTATU proiektua abiatu zuten 2018-2019 ikasturtean eskualdeko ikastetxeekin elkarlanean. Ekimena LH 1eko ikasleetatik Prestakuntza Zikloetarako ikasleengana dago zuzenduta eta helburu argiak ditu: “STEAM (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics) ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria nolakoa den ikusi eta etorkizunean bertako enpresak beharko dituzten langile-profilak ezagutzera ematea”.
Horretarako, hainbat ekintza egin dituzte azken urteetan, esate baterako, enpresetara eta ikastetxeetara bisitak, hitzaldiak, enpresetan egun bateko egonaldiak, herri trukaketak, erronka lanketak, mahai inguruak eta, zelan ez, Zientzia eta Teknologia Eguna.
“Proiektu honekin eskualdeko ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi da, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdearekin eta bertako enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza-ibilbide guztian zehar txertatuz. Hau da, ikasketak dituzten ikasleak lanera kanpora atera beharrean eskualdean bertan gelditzea eta enpresek behar dituzten profileko langileak bertakoak izatea lortu nahi da. Talentua sortu, mantendu eta eskualdera erakartzea”.