Aitor Elordi: "Ligaxkan jokatu genuen partidatik ondorio positibo asko atera nituen"
Berriatuko bizilagunak buruz buruko finala jokatu du etzi [ekainak 4] Jokin Altunaren aurka. Sasoiko dago, binakako txapela jantzi zuen, eta hirugarrena izan zen lau eta erdikoan.
Bi egun falta dira final handirako. Zelan zaude?
Orain arte nahikoa lasai nago. Beti dago buruan bueltaka domekako finala, baina buelta gehiegi eman barik. Hori bai, seguru azken orduetan urduritasunak gora egingo duela. Horrelako partida garrantzitsu bat heltzen den bakoitzean normala da tentsio puntu hori nabaritzea. Hala eta guztiz ere, espero normaltasun baten barruan mantentzea eta urduritasuna kontrolpean edukitzea.
Txapelketako eta, oro har, denboraldiko ezustekoa zara.
Urte guztia daramat sorpresak ematen, eta txapelketa honetan ere beste bat eman dut. Denboraldi osoan lortu dudan maila handi hori mantentzea lortu dut buruz burukoan ere, eta alde horretatik, oso pozik nago, eta maila hori ematen jarraitzeko asmoa daukat.
Hala ere, hasiera batean ez zinen buruz burukoa jokatzeko aukera izan. Zelan jaso zenuen albistea?
Egia esan, ondo hartu nuen enpresaren erabakia. Binakako txapelketa amaitzen ari nintzela esan zidaten ez nuela parte hartuko buruz burukoan. Bi txapelketa, lau eta erdikoa eta binakakoa, gogor eta luze jokatzetik nentorren, eta uste nuen txapelketan ez parte hartzea ondo etorriko zitzaidala atseden hartzeko eta udara begira freskotasun puntu bat lortu ahal izateko. Gero, jokatu behar nuela esan zidaten. Nahiz eta hasieran psikologikoki buelta ematea kostatu zitzaidan, lehenengo partidak amaitu ostean behar nuen ilusioa eta motibazioa hartu nuen.
Helburua aldaketa hori ez zen erraza izango.
Urtean egoera denetarako prest egon behar gara, eta enpresak azken orduko ezustekoak izaten ditu, inork espero ez dituenak, aurreikusi ezin direnak, lesioak, esate baterako, eta pilotariak horretarako prest egon behar gara. Eta orain niri gertatu zait. Hiru edo lau egun izan nituen bakarrik mentalki eta, ahal izan nuen moduan, fisikoki prestatzeko. Lehen partidak irabazteak ere asko lagundu zidan.
“Funtsezkoa da arlo denak menperatzea, eta uste dut denetan hobetu dudala”
Arlo fisikoan, aldaketarik egin behar izan zenuen?
Erabaki genuen inolako aldaketarik ez egitea prestaketa fisikoan eta orain arteko bide berdina jarraitzea. Alde horretatik, uste dut asmatu dugula. Azken orduko goitik beherako aldaketak egiten hasiko bagina, ez dut uste emaitza berdina lortuko genuenik. Dinamika berdinean jarraitzeak on egin digu.
Zenbateko garrantzia izan du Gontzal Urionabarrenetxeak zure eraldaketan?
Oso garrantzitsua izan da aldaketa prozesu honetan. Fisikoki eman dudan jauziaren arduradun nagusia da. Nituen ahultasunak indartu ditu, eta gaur egun fisikoki pilotari indartsuagoa naiz. Horrek lagundu dit goi mailako pilotarien aurka maila ona ematen, bestela ez dago zereginik, indartsu egon behar zara. Baina sasoiko egotea ez da guztia, beste faktore asko ere garrantzitsuak dira, eta denak behar bezala landu behar dituzu. Arlo denak menperatzea funtsezkoa da, teknikoa eta taktikoa ere bai. Uste dut denetan hobetu dudala eta horri esker nagoela orain nagoen momentuan.
Helbururen bategaz hasi zenuen buruz buruko txapelketa?
Helburu barik hasi nintzen, azken unean sartu nintzenez txapelketan, ez nuen astirik izan helbururik jartzeko, ezin nuen izan. Partidaz partida ateratzen nintzen frontoira. Astebururo helburu nagusi bakarra nuen, hau da, partida ahalik eta hobekien prestatzea eta ahalik eta hobetoen lehiatzea. Ikusterakoan partidak irabazten joaten nintzela, helburu mota zehatzagoak jarri nituen. Betiere asteroko lanari garrantzia emanez. Ez dut presiorik igarri orain arte, eta ez dut horretan asko pentsatu ere egin nahi, eguneroko lanean oinarritzen naiz. Hori da garrantzitsuena niretzat.
“Egin dudan lanagatik heldu naiz gaur egungo mailara”
Finalean Jokin Altuna, egungo izarrik handiena. Zer egin behar da mendean hartzeko?
Denok dakigu Jokin Altunaren aurkako partidak errazak ez direla, partidua irabazteko zure eskuan dagoen dena ehuneko ehunean eman beharra dago, dena perfektu egin behar duzu eta, aldi berean, berak bere egunik onena ez edukitzea. Horrela bakarrik daude aukerak. Finalaurrekoetako ligaxkan jokatu genuen partidatik ondorio positibo asko atera nituen. Eta erreferentzia moduan hori izateak asko laguntzen dit finalerako. Dena ematera aterako naiz finalera. Gainera, etxean, Bilboko Bizkaia frontoian jokatu dut.
Zeuk egin dizkiozu tantorik gehien txapelketan: 18.
Bai, eta horrek ematen dio finalari berezitasun apur bat. Erreferentzia hori barik denek pentsatuko zuketeen ez zela finalik egongo eta Altunak erraz irabaziko zuela. Aurreko partida lehiakortasunaren seinale izan daiteke, aukerak zabaltzen ditu nire alde. Ligaxkan 18-15 aurreratu nintzen azken atsedenerako, eta hor ikusi zuen Altunak partida kolokan, eta aukera zuenean arriskatu egin behar zuela ondorioztatu zuen. Arriskatu zuen tanto denetan asmatu zuen, eta hor egon zan partida. Adibidez, aukera izan nuen bere dinamika positiboa eteteko atseden bat eskatuz, baina ez nuen egin, eta hori ikasi dut finalera begira.
Biak zarete 1996an jaiotakoak, baina profesionaletan ibilbide desberdinak izan dituzue.
Badaude hasieratik goi mailara heltzen diren pilotariak, eta beste batzuk, nire kasuan moduan, urte gehiago behar izan ditugunak maila horretara heltzeko. Txikitatik eta profesionaletan sartu zen momentutik beti diferentziak ezarri ditu, eta horregatik pilotari berezia da Altuna. Nik bestelako bide bat izan dut, asteroko lanean oinarritu dut nire ibilbidea, eta apurka apurka maila hartzen joan naiz. Oso harro nago izan dudan ibilbideaz, heldu naizen gaur egungo mailara heldu naiz orain arte egin dudan lanagatik.