Asier Robles eta Xabi Murelaga: "Izenak uste dut dena diola, heavy metala gustatzen zaigu, eta batez ere melodiak"
Ana Lopezegaz eta Gorka Arrategaz, Metaldun taldea sortu berri dute Lekeition. Heavy metal ohikotik aldendu dira, eta melodiei eman diete garrantzia. Dagoeneko hiru abesti kaleratu dituzte.
Noiz sortu zen Metaldun taldea?
Asier Robles: Duela bi urte hasi zen, konfinamenduan. Erronkaren bat egiteko beharra nuen, eta beste batzuek pastelak egiten zituzten bitartean, nik gitarra jotzen ikasi nuen. Baxua jo dut betidanik, baina gitarra probatu nahi nuen, eta bertsioak jotzen hasi nintzen. Horrela, nahi barik, melodiak sortzen hasi nintzen, melodiak batzerakoan kantak sortu ziren, eta konturatu orduko zazpi kanta nituen.
Xabi Murelaga: Hor sartu nintzen ni. Lokalaren ondoan bizi naiz, eta egun batean musikaren soinua jarraituz atea jo nuen. Asierrek polizia zela pentsatu zuen, zaratagatik bizilagunen bat kexatuko zela. Betidanik ezagutzen dugu elkar, eta aspalditik nengoen talde batean egon gabe; azkena Txapelpunk izan zen. Asierrek bere abestiak erakutsi zizkidan, gustuko izan nituen, eta batu egin nintzen. Horrela, kanta bakoitzari beste buelta bat ematen saiatu naiz. Konponketak egin genituen eta beste kanta batzuk sortu. Duela hiru hilabete bateria jotzaileak eta abeslariak taldea utzi behar izan zuten, eta Gorka Arrate eta Ana Lopez bere neska laguna batu ziren.
Zelan definituko zenukete zuen musika?
A.R.: Izenak uste dut dena diola, heavy metala gustatzen zaigu, eta batez ere melodiak. Orduak eta orduak ematen ditugu melodiak sortzen. Era berean, gitarrak ez ezik, ahots melodikoak ere gustuko ditugu. Eta zelan ez, heavy metalak berez duen zarata eta erritmoa. Ez da ohiko estilo satanikoa, desberdinak gara, melodikoagoak. Iron Maiden bezalako taldeak ditugu erreferente. Azkenean, denek bezala, gure estiloagaz jendea erakarri nahi dugu. Hori da garrantzitsuena.
“Euskal Herrian ez dira emakume askorik ikusten heavy metala abesten”
Emakume bat daukazue, beraz, front woman bezala.
A.R.: Izugarria izan da bere sarrera. Pare bat egunean probak egin genituen, eta aho batez esan genuen: hau gurea da. Oso gustura gaude beragaz. Euskal Herrian ez dira emakume asko kusten heavy metala abesten, baten bat badago, eta munduan ere gutxi batzuk dira. Ez da ohikoena. Zorte handia izan dugu, ez bakarrik ordezkoa hain arin aurkitzen, baita nor aurkitzen ere. Gainera, oso arin egokitu da taldera, abestiak berehala ikasi ditu, eta bere estiloa ezarri du.
M.X.: Zuzenekoetarako gogo handia daukagu. Azkenean, ordu asko sartu ditugu lokalean abestiak sortzen, eta behin eta berriro errepikatzen nahi bezala geratu arte, baina musikari denok nahi duguna da gure lana jendaurrean erakustea. Kontzertuek ematen duten motibazio eta ilusio pizgarri horretaz gain, noski. Azkenean lan bikoitza da. Alde batetik, kantak ekoiztea eta nahi bezala moldatzea eta, bestetik, aldi berean, kontzertuetako zuzenekoetarako pentsatzea. Guk egiten dugu lan guztia, ez dugu inolako ekoiztetxerik edo markarik atzetik, etxerako moduko lana da. Duela hogei urte ere horrela lan egiten genuen. Gainera, gaur egun, teknologia ikaragarri aurreratu da, eta edozein programa edo aplikazio daude, nahi beste, kantak sortzeko, adibidez. Gaitasuna dago gitarra edo bateriaren soinua igoteko edo jaisteko eta nahasteko. Zelan ez, produktora bategaz, kalitatea beti izango da hobea, baina hasierako pausoak emateko eta, esate baterako, musika munduan sartzen ari diren gazteentzako herraminta asko daude, nahi beste proba egiteko bakoitzak bere etxean. Horrela hasi gara asko, eta gero bestelako maila baterako jauzia eman nahiz gero, produktorak daude.
Hiru abesti kaleratu dituzue: Enuma Elish, Mundu berri bat eta Metaldun. Zelako abestiak dira?
A.R.: Lehendabizikoa instrumentala da bakarrik, inolako ahotsik gabe, gitarren melodia bilatu nahi izan dugu, hauek nabarmendu, formatu laburrago batean. Bestea kanta oso bat da, luzeagoa eta ahotsagaz eta guzti. Oso abesti bizkorra da, heavy metalak berez duena, erritmo handia sartzen diogu, baina aldi berean, ez dugu melodia, ezberdin egiten gaituena, ahazten. Arreta deitzen duen abestia da, belarritik ondo sartzen dena eta jendea harrapatzeko gaitasuna duena. Gaur egun alde komertziala lantzea ere ezinbestekoa da, bestela ia ez dago zereginik, estribilloa polita eta errepikakorra, buruan geratzen den horietakoa izan behar da eta baita melodikoa ere. Gero, kontzertuetan abesteko modukoak. Bakarkako saioak ere sartzen dizkiogu.
X.M.: Hor dago bien arteko eztabaida. Nik beti diot hau edo bestea egin dezakegula, eta Asierren erantzuna da gauza zailegiak bilatzen ditudala. Berak sinpletasunera jo nahi du gehiago. Nik, azkenean, urte asko daramatzat gitarra jotzen, eta bera orain arte baxu jotzailea izan da, beraz, ulergarria da. Elkarrekin melodiak sortzen hasi ginenean, adibidez, abeslariari koruak egin nahi nizkion, baina beste era batera, gitarragaz duoak eginez, tonalitate desberdinak erabiliz. Ondo eginez gero, zoragarri geratzen dira. Azkenean betikoa da, taldeko partaide guztiek ekarpenak egitea bere aldetik musikaren onerako.
“Lekeition, esate baterako, udan, taberna kanpoetan kontzertu asko eskaintzen dira, eta hori izan daiteke taldearentzat abiapuntu bat”
Mundu berri bat abestiak bideoklipa ere badauka.
X.M.: Gaur egun ezinbestekoak dira. Orain musika ikusi ere egiten da. Batez ere gazteek irudia eskatzen dute, soinuagaz bakarrik ez dituzu erakarriko. Bideoklipean zerbait esan behar duzu, transmititu.
A.R.: Gurea, esate baterako, etxerako modukoa da, hemen lokalean grabatutakoa gure kameragaz eta argiekin. Igartzen da geuk egin dugula, baina lehendabizikoa izateko, oso pozik gaude lortutako emaitzagaz. Ni aritu naiz bideoa egiten, han eta hemen mozketak egiten eta beste leku batzuetan itsasten. Ez dut inoiz horrelakorik egin, ez dut horren inguruko ikasketarik, beraz, ezin daiteke beste askorik eskatu.
Zelako erantzuna jaso duzue?
A.R.: Jendeari asko gustatu zaio. Mundu berri bat kaleratu genuen egunean bertan batek baino gehiagok geratu ninduen kaletik nenbilela, esanez kanta izugarria zela. Mugikorretik orain berehala zabaltzen dira gauzak, onerako eta txarrerako.
X.M.: Ez da beste munduko ezer, Txapelpunkegaz bestelako bideoak grabatzen genituen. Heldu gaitezke horretara, baina momentuz ez, hasiera besterik ez da. Biharko egunean batek daki zer gertatuko den, taldeak batera jarraituko du, hori da argi dagoen gauza bakarra, denok oso gogotsu gaude eta.
Kontzertuak emango dituzue?
X.M.: Lekeition, esate baterako, udan, taberna kanpoetan kontzertu asko eskaintzen dira, eta hori izan daiteke taldearentzat abiapuntu bat. Hortik aurrera jaialdiak, gaztetxeak eta herrietako jaiak etorriko lirateke. Hau da taldeen ohiko bilakaera. Kontzertu txikiak ematen hasi eta heltzen garen tokiraino helduko da Metaldun. Horretarako, lehendabizi, ezinbestekoa da ezagutzera ematea, eta horretan gabiltza gaur egun. Ezagutzen ez bazaituzte ez dizute inondik deituko. Txikitasunetik handitasunera joango gara.