Jon Arrizabalagak 'Alemanaren mamua' liburuaren bisita gidatua egingo du Markina-Xemeinen
Bisita gidatua barikuan [ekainak 2] egingo da; 18:00etan Sakris tabernatik abiatuko da. Ekimena doan da bada ere, Sakris tabernan izena eman behar da.
Idazle markina-xemeindarrak aitortu du bere lehen liburuak “espero baino arrakasta handiagoa” eduki duela. Hainbestekoa izan da ze, Alemanaren mamua-n oinarritutako bisita gidatu bat antolatu dutela barikurako [ekainak 2]; ekimena 18:00etan hasiko da, Sakris tabernatik. Aurretik Arrizabalagak lagunekin antzeko ibilbide bat osatu zuen, baina orain liburua ezaguna egin denean, errepikatu egin nahi izan du.
Antolatzaileak azaldu duenez, ekintzak ordubete edo ordu eta erdiko iraupena edukitzea aurreikusten du. Hiru geraleku nagusi egingo dituzte. Batetik, Bekobenta eskolan, lehengo alemanen etxea eta egoitza nagusiaren berri edukiko dute. Alemaniatik ihes egin zuten herritarrak ziren, etxeko jabea armen merkatari bat zen eta harreman estua eduki zuen gobernu naziagaz. Madrilen bizi ziren eta Markina-Xemeingoa haien bigarren etxebizitza zen. Hain zuzen ere, arma fabrikan Otto Skorzeny-k herriagaz zuen lotura azalduko dute. Etxeko jabeak Skorzeny zuen bazkide onenetako bat, hau da, nazien SS armada militarreko buruzagi nagusietako bat. Azkenik, hilerrian ere geldialdia egingo dute.
Ekimenean parte hartzen dutenak istorioan “ahalik eta hobekien” murgiltzeko, geldialdi bakoitzean gunearen inguruko informazioa emateaz gain, argazkiak erabiliko dituzte: “Markina-xemeindarrei asko gustatu zaie liburua. Azken batean beti da berezia herriko istorioak jakiteko, herriaz gehiago jakiteko, eta oso harrera ona eduki du”.
Ekintzan parte hartzeko Sakris tabernan izena eman behar da, baina doan da. Arrizabalagak esan du “jende nahiko” espero duela, eta asko izango direla “azken orduan” hurbilduko direnak. Era berean, parte hartzeko gonbidapena luzatu du.