Aitor Elordi, buruz buruko txapeldun
Berriatuko bizilagunak domekan [ekainak 4] jantzi zuen lehen mailako bere lehen txapela. Denboraldi borobila osatu du: binakakoan ere txapelduna izan da eta lau eta erdikoan hirugarrena izan da.
“Finalaurrekoetako ligaxkan jokatu genuen partidatik ondorio positibo asko atera nituen”, adierazi zion Elordik Hitzari. Esan eta egin, 180 graduko buelta eman zion; 22-18 garaitu zuen domekan [ekainak 4] Jokin Altuna buruz buruko finalean. Amezketakoa zen faborito argia, baina Berriatuko bizilagunak gogor lan egin beharko zuela erakutsi zuen.
Finaleko lehen tantoek argi utzi zuten partida gogorra eta luzea izango zela. 3-7 aurreratu zen Altuna, baina sakea baliatuz Elordi gai izan zen markagailuan hurbiltzeko. Giro bikaina zegoen Bilboko Bizkaia frontoian, eta zaleak jesarlekuetatik altxa ziren 6 eta 8koagaz; finaleko tantorik onena, gogorrena eta luzeena izan zen: minututik gorakoa. Ondo lehiatu arren, Elordik ezin izan zuen aurretik jarri, ezta berdindu ere. Lehen atsedenaldia heldu zenean, gipuzkoarra 8-12 zegoen aurretik.
Atsedenaldi ostean indartsu itzuli zen Elordi, eta tanto bakarrera hurbildu zen ezker gantxoz egindako bi tantori esker. Sentsazioak onak ziren, baina ez zuen lortzen aurretik jartzea. 14nako berdinketa inflexio puntua izan zen. Elordi nagusi izan zen, ez kantxan bakarrik, baita ere markagailuan. 7-0ko partzialagaz 18-14 aurreratu zen bigarren atsedenaldirako. Ligaxkako buruz burukoan ere abantaila lortu zuen (18-15), baina ezin izan zuen behar bezala kudeatu. Oraingoan, ostera, bai; aurreko partidatik ikasi zuen. Ez zuen jokatzeko modua aldatu, berdin jarraitu zuen. Altuna deseroso aritu zen, eta horren erakusle izan zen sakez egindako azken tantoko falta.
Bi eskuak altxa eta harmailetatik gora korrika joan zen Elordi bere familiakoen bila. Erabat hunkituta, hitz barik geratu zen. “Oraindik ezin dut sinetsi egin dudana. Lasai jokatu dut, aparteko presiorik gabe, eta hori gakoa izan da. Normalean berak egiten duena nik egin dut. Erabaki oker batzuk hartu ditut, dejadekin batez ere, baina burutsu aritu naiz. Laino artean nago”, adierazi zuen.