18. Markina Shots jaialdiak rock doinuz beteko ditu kaleak
Ekainaren 8an, 9an eta 10ean Markina-Xemeingo hainbat eremutan eskainiko dituzte kontzertuak. Aurten, Korribeer lasterketa taldeka ere egin ahalko da.

Markina-Xemeingo Udalak eta herritarrek musika jotzeko lokala uzteagatik “eskerrak emateko” modu bat bezala sortu zuten Markina Shots jaialdia, eta gero eta indar gehiago hartzen ari da. 2018an erabateko aurrerapausoa eman zuten: jaialdia Uhagon kulturgunean ospatzetik herriko kaleetan zehar ospatzera aldatu zuten ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko helburuagaz. Egun kopurua ere gehitu zuten, egun bakarretik hirura pasatuz.
“Aukera bakarra da Lea-Artibain horrelako taldeak ikusteko, gainera formatu bakar batean. Bestela, Bilbora arte joan behar zara horrelako giroaz gozatzeko. Inguruan ez dago horrelakorik. Rocka herritarrengana hurbildu behar dugu, kalean jotzean edozeinek entzun dezake eta bertan geratu. Jendea erakarri barik, gu goaz haiengana. Frontoian edo Uhagonen egitean, adibidez, ez litzateke emaitza bera lortuko”, esan dute jaialdia antolatzen duten Markina Shots elkarteko kideek.
Bide horretatik, aurten ekainaren 8an, 9an eta 10ean rock and rollak hartuko ditu Markina-Xemeingo kaleak. Eguenean [ekainak 8] 19:30ean hasiko da The Daltonics taldearen kontzertu ibiltaria. Bilbotarrek hiru lekutan joko dute: Babel tabernan hasiko dira, baina Zelaian eta alde zaharrean ere joko dute. Antolatzaileek aurreratu dute euria eginez gero Kontzekupean joko luketela.
“Korribeer lasterketa lehen aldiz egin genuenean jendeari asko gustatu zitzaion, baina azken urteetan indarra galdu duenez, buelta bat eman behar izan diogu”
Hurrengo egunean eta ordu berean ere Babelen emango diote hasiera egitarauari. Orkestra Elektrotula bigarren urtez jarraian kalerik kale ariko da. “Iaz asko gustatu zitzaigun haien musika eta formatua. Gainera, ikusleen artean arrakasta handia eduki zuen. Beraz, errepikatu egin nahi izan dugu”.
Amaitu bezain laster, 21:30 eta 22:00ak bitartean, Mockers taldearen kontzertua hasiko da, Arkupean. Durangarrak agur biran murgilduta joko dute Markina-Xemeinen. Hau da, taldearen azken kontzertuetako bat izango da; ostean Durangon eta Bilbon joko dituzte azken kontzertuak. Gainera, taldeak azken diskoa aurkezteko baliatuko du Markina-Xemeingo emanaldia. Berritasun nagusienetako bat da kontzertua ez dutela agertokian emango. “Lurrean egingo dugu. Hurbiltasuna eman nahi diogu ikuskizunari, herritarrentzako beroagoa izateko. Zapatuko kontzertuak izango dira oholtza gainean izango diren bakarrak. Azkenean, jaialdiaren helburu nagusienetako bat da rock musika herritarrengana hurbiltzea”.
Ekainaren 10ean, 19:00ak inguruan, egitarauko ekintzarik famatuenetako bat egingo dute: Korribeer lasterketa. Azken urteetan parte hartzaile kopurua jaitsi ostean, Markina Shots elkarteko kideek “beste formatu” baten alde egin dute. “Lehen aldiz egin genuenean jendeari asko gustatu zitzaion, baina azken urteetan indarra galdu duenez, aurten beste buelta bat eman behar izan diogu. Formatu berria oso ona dela uste dugu”. Ohi bezala, korrikalariek 800 metroko zirkuituari hiru itzuli eman behar dizkiete eta bakoitzean garagardo handi bat edan. Aurten, ostera, ez da bakarkako lana izango, gehienez sei pertsonako taldeek parte hartu dezake. “Talde bakoitzak erabaki dezake zelan antolatu lasterketa; nahi bezala egin dezakete, batek bakarrik korrika egin dezake, beste batzuek bakarrik edan… Estrategiak egin daitezke”. Nabarmendu dute, orain edozein herritarrek parte hartu dezakeela; izena emateko ez da kirolaria izan behar, eta soilik edateko aukera ere badago.
“Taldeek gure gertutasuna eskertzen dute, eta hori helarazten diete gainontzeko taldeei ere”
Printzipioz, jaialdiko kontzertu nagusiak 20:00etan hasiko dira, baina antolatzaileek zehaztu dute herrian egun horretan ekintza asko daudenez izan daitekeela hasiera atzeratzea. “Arinago ez dira hasiko”. Oholtzara igotzen lehendabizikoak Los Paniks bizkaitarrak izango dira. Barakaldokoek punk eta rock doinuak uztartuko dituzte. Gero, Mourn taldearen txanda izango da. Talde kataluinarrak “oso famatuak” direla esan dute; birak egin izan dituzte Estatu Batuetan edota Japonian. “Jendeari asko gustatuko zaion talde bat izango da”.
Azkenerako talde izarra utziko dute: Los Mambo Jambo. “Hiru urte daramatzagu haien atzetik, eta beste talde batzuek Markina Shots jaialdiaz ondo hitz egin dutenez, azkenean gurera ekartzea lortu dugu. Lorpen handia da guretzako eta gure bilakaeraren seinale da”. Azken batean, ahoz ahokoak egiten die mesede. “Taldeek gure gertutasuna eskertzen dute, eta hori transmititzen diete gainontzeko taldeei ere; Markina-Xemeinen ondo zainduko dituztela esaten diete”. Ziurtatu dute entzuleek “oso gustuko” izango dituztela, eta jendea erakarriko dutela: “Doinu oso entzungarriak eta gozagarriak jotzen dituzte, rhythm and blues estilokoak. Gainera, teknikoki oso onak dira, maila handia dute eta seguru gaude arrakasta handia edukiko dutela”.
Postuak. Ez da rock jaialdirik ulertzen garagardorik gabe. Horregatik, edariak berebiziko garrantzia edukiko du Markina Shotsen. Hala, aurten Boga garagardogileak izango dira herrian. Barikuan eta zapatuan [ekainak -10] egongo dira, eta bigarren egunean txosna ere jarriko dute. Horrez gain, aurten kamisetak egin dituzte eta horiek salgai jarriko dituzte, 15 eurotan.
Egitaraua:
- Ekainak 8
- 19:00: The Daltonics, Babelen hasita, Zelaian eta alde zaharrean.
- Ekainak 9
- 19:30: Orkresta Elektrotula, Babelen hasita kalerik kale.
- 21:30: Mockers, Arkupean.
- Ekainak 10
- 19:00: Korribeer.
- 20:00: Los Paniks, Mourn eta Los Mambo Jambo taldeen kontzertuak, Kontzekupean.