Markina-Xemeinera heldu da 'Gure Zirkua'
Zelaian egongo da ekainaren 9an, 10ean, 11n, 16an eta 17an. Sarrerak salgai daude.

Orain hilabete abiatu zuen Gure Zirkuak seigarren bira, esan dutenez, “modu ezin hobean”. Lehen aldiz Zuberoara iritsi ziren, eta Maule-Lextarren asteburu bakar batean milatik gora ikusle bildu zituzten. Gipuzkoan, Andoainen eta Lazkaon, karpa txiki utzi ostean, Bizkaira iritsiko da euskal zirku ibiltaria ekainean eta uztailean; bizkaian hiru geldialdi egingo ditu.
Birak ez du etenik eta orain Lea-Artibaira helduko da, Markina-Xemein izango baita lehendabiziko geralekua. Zelaian egongo da ekainaren 9an, 10ean, 11n, 16an eta 17an. Duela hiru aste sartu zen Gure Zirkua-ko lan taldearen parte izatera Lur Aranburu artista ondarrutarra. Hain zuzen ere, ondarrutarrak aitortu du biraren geltokirik “bereziena” izango dela: “Hurbileko jende asko joango da, desiratzen nago, badakit asko hunkitu egingo naizela, baina gogoa daukat”.
Sarrerak salgai daude. Oharra: agortuta daude ekainaren 9ko, 10eko, 11ko eta 17ko 18:00etako emanaldirako sarrerak. Sarrerek 13 euro balio dute. Agortuko ez balira, egunean bertan ere emanaldia baino lehen erosi ahalko dira.
Egutegia:
- Ekainak 9: 19:00etan.
- Ekainak 10: 18:00etan eta 20:30ean.
- Ekainak 11: 18:00etan.
- Ekainak 16: 19:00etan.
- Ekainak 17: 18:00etan eta 20:30ean.