Betiko ekintzak izango dira protagonistak Oletako jaietan
Zapatuan [ekainak 10] hasiko dira eta astelehenera arte [ekainak 12] luzatuko dira. Autobus zerbitzua dago, zapatuan eta astelehenean.
“Betiko martxan”. Horrela antolatu ditu Oletako jai batzordeak beste urte batez auzoko jaiak. Iaz, bi urteko etenaldiaren ostean, inoizko jende gehien batu zen Oletan, eta aurten, zaila den arren, markak hobetu nahi dituzte. Jai batzordeak egitarauan ahalik eta aldaketa txikienak egin nahi izan dituzte, “ondo dagoena hobeto ez ukitu”.
Esate baterako, Oletako jaiei hasiera emango dio auzotarren arteko tortilla txapelketak. Antolatzaileek azaldu dute ez dela aurretik izena eman behar, bertan tortilla egiten duten bitartean kontatuko dituzte parte hartuko dutenak. 20:30ean aurkeztu behar dituzte tortillak. 23:30ean hasiko dira kontzertuak, Gozategi taldeak hasiko du gaua eta iaz bezala Oxabi erromeriak luzatuko du jai giroa gaueko ordu txikietara arte.
Domekan, 12:30ean meza egingo dute Oletako zelaian eta jarraian, urtero legez, Arta-Nagusi dantza taldeak saioa eskainiko du. Arratsaldean, ohiko egitaraura itzultzeko apustua egin dute jai batzordeko kideek. “Iaz herri kirolak Mariatxiengatik aldatu genituen, baina ez zuen herritarrengandik espero genuen bestelako arrakasta izan eta ohiko ekintzara itzultzea erabaki dugu”. Beraz, herri kirolak itzuliko dira Oletako jaietara, Urtza Herri Kirol taldeak ikuskizuna eskainiko du.
Azken urteetan ere astelehenak “indartu” nahi izan dituzte jai batzordetik. Erromeria egitarauko zutabe nagusietako bat da, aurten 15 urte betetzen dituen Akerbeltz erromeriak joko ditu euskal kanta entzunenak. Baina ez da bakarrik egongo, gero DJ Bull izango da gaua are gehiago luzatzeko. “Iaz arrakasta handia izan zuen eta aurten errepikatu nahi dugu eta gaua luzatu nahi izan dugu. Gero eta jende gehiago etortzen da astelehenetan eta bide hori jarraitzeko jaia luzatu nahi dugu”.
Joan-etorriak. Hain zuzen ere, Oletako jaietaz gozatzera datozenek modu segurua izango dute etxera itzultzeko autobusez, autoa hartu barik. Oletako Jai Batzordeak Lekeitiotik autobusa jarri du zapatu eta astelehenean, 22:00etatik 06:00etara egongo dena zapatuan eta 22:30etik 05:00era astelehenean. Mandaskatik aterako dira autobusak bi egunetan. Bestalde, Lea-Artibaiko Gababusak Oletarako joaneko eta itzuliko zerbitzua eskainiko du zapatu gauean. Herri bakoitzetik irteera ordu bat egongo da; itzuliko bidaiak, ostera, 03:15ean eta 05:15ean izango dira.