"Elkarrekin egoteko", Emakumeen Surf Eguna antolatu dute, Karraspion
Zapatuan [ekainak 10] egun osoko egitaraua antolatu dute hondartzan surf egiten duen emakume talde batek.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Mendexako Karraspio hondartzan, espazio publikoan eta kirolean “ohi den bezala”, itsasoan ere generoari dagozkion “hamaika muga” bizitzen dituztela. Emakumeek bakarrik ez baita genero disidenteek ere, haientzako ere da Surf Eguna. Gaia eusteko “beharra” ikusi dute. Diotenez, “ezinbesteko” ikusi dute emakumeak elkarrekin egoteko espazioak sortzea.
“Bide horretan, gure asmoa elkar ezagutu eta ditugun oztopoak kolektibizatzea da. Batera ondo pasatzeko, eroso sentitzeko eta hausnartzeko espazioa sortu nahi dugu”. Emakumeentzako eta genero disidenteentzako “espazio propio bat” sortu nahi dute. “Gizontasunetik, hegemoniatik, urruntzen den gorputz ororentzako espazioa. Ahalduntze kolektiboz soilik lortuko dugulako norbanakoon ahalduntzea ere, elkarrekin”.
Hain zuzen ere, zu gu bilakatu nahi dituzte eta parte hartzeko deia luzatu dute nahi duten emakume guztientzat: “Zu, urteak kirol honetan jardun arren pikura joateko zilegitasunik ez duzula sentitzen duzun hori; zu, zure neurriko neoprenorik ikusi ez duzun hori; zu, beti probatzeko tentazioa izan baina nora jo izan ez duzun hori; zu, egun polit bat pasatu nahi duzun hori; zu, zure lekua aurkitu nahian zabiltzan hori; zu, surf egin arren zure buruari surfista deitzera ausartzen ez zaren hori; zu, itsasoan sartzen zaren aldiro epaitua sentitzen zaren hori; zu, hondartzan aldatzera ausartzen ez zaren hori; zu, surfeko melena horiak urruti sentitzen dituzun hori”.
Esan dute espazio publikoa ez dagoela haientzako egina, beraz, “hartu egin beharko dugu eta jardun horretan gozatu”. Ekainaren 10 “zeuretzako, guretzako” eguna dela nabarmendu dute. 50 emakumek baino gehiagok eman dute izena tailerretan, baina izena eman ez arren ekintzetan parte hartzeko gonbita luzatu dute. Horrez gain, ohartu dute adin txikikoen ardura beraien familia-kideena izango dela eta surfeko taula izanez gero, ekartzea eskatu dute, hala ere, antolatzaileek utziko dute.
Egitaraua:
- 10:00: Yoga.
- 11:30: Hamaiketakoa.
- Gero: Surf ikastaroa eta jolasak (maila guztietarako).
- 14:30: Bazkaria. Elkarrekin, bakoitzak bere tupperra ekarri behar du.
- 16:30: Ekintza desberdinak: slackline, surfskate, serigrafia… Probatu gustukoena.
- 18:00-20:00: DJ Ztart.