Hamabi postu eta 150 animalia baino gehiago izango ditu Etxebarriko Ganadu Azokak
Etxebarriko Udalak zapatuan [ekainak 10] 10:00etatik 14:00etara izango da. Aurten, berritasun modura, artzain txakur lehiaketa antolatu dute.
Data hauetan urteroko hitzordua izaten da Etxebarriko Ganadu Azoka. Zapatuan [ekainak 10] Galartza industrigunea abeltzainen topagune izango da 10:00etatik 14:00etara. Herriko zein inguruko herrietako asko izango dinimaliak ikustera joango direnak edo abereak erosteko interesa dutenak. 150 animalia baino gehiago egongo dira ikusgai eta erosgai. Behi, zaldi, asto eta ponien artean 120, ardien sei lote, ahuntzen beste hiru eta baita hiru artzain txakur ere.
Horrez gain, urtero moduan, eskualdeko eta inguruko artisau eta produktoreek haien tokia izango dute Etxebarriko Ganadu Azokan. Hamabi postu inguru egongo dira: esnekien bi eta gaztai, gozoki, ogi, ezti, kontserbaen bana… baita bitxien postua ere. Horrela, bertaratzen direnek, animaliez gozatzeaz gain jan-edana hartzeko aukera izango dute.
Aurtengo berritasun nagusia, berriz, 09:00etan Ibaun parkean hasiko den artzain txakur lehiaketa izango da. “Herriko partaideen eskakizuna izan zen, eta berritasun modura, eta zerbait desberdina egitearren antolatu dugu”. Sei parte hartzailek eman dute izena eta sari banaketa 14:00etan egingo dute, azokaren amaieran.