"Oso positiboa" izan da Lea-Artibaiko enplegu azoka
Martitzenean [ekainak 6] Markina-Xemeingo Berrikuntza Gunean elkartu ziren eskualdeko eta inguruko 17 enpresa eta erakunde.
Leartibai Fundazioak, Gazte Lea-Artibai ekimenaren baitan, antolatu zuen enplegu azoka. “Helburu nagusia Lea-Artibaiko gazteen laneratzea eta enplegagarritasuna sustatzea da”, esan dute. Gazteek euren kurrikulumak enpresei eskura emateko aukera izan zuten. Era berean, gazteek eta enpresek aurrez aurre harremanetan jartzeko aukera izan zuten. Eskualdeko eta inguruko 17 enpresek parte hartu zuten, bertaratutakoei laneratzeko dituzten aukerak aurkeztu eta lan-poltsa ezberdinetan sartzeko aukera eskaini zizkieten. Guztira 35 lan eskaintza baino gehiago eraman zituzten.
Leartibai Fundaziotik azaldu dutenez, inguruko herritarrak bakarrik ez, Eibar eta Galdakao bezalako herrietako bizilagunak hurbildu ziren. Profilei dagokionez, askotarikoak egon ziren, Lanbide Heziketan, Administrazioan eta Ingeniaritzan titulazioa duten pertsonak nabarmendu ziren, esperientzia zutenak zein ez zutenak.
Enpresek eta parte hartzaileek esan dute Lea-Artibaiko enplegu azoka “oso positiboa” izan zela. Guztira 14 elkarrizketa egin zituzten, eta esan dutenez, zuzenean sartu ziren hautaketa prozesuan kontratatzeko “aukera handiekin”. Horrez gain, bertaratutakoek “asko” eskertu zuten azoka, hau da, “enpresa ezberdinetara pertsonalki hurbildu ahal izatea eta haiengandik jasotako arreta”. Azkenik, azpimarratu zuten “aurrez aurre” aurkeztu ahal izan zirela enpresen aurrean: “Hori ezinezkoa da kurrikuluma posta elektronikoz bidaltzen dutenean edo webgunera igotzen dutenean”.