Jose Pablo Arriagak ‘Gure aterpea’ bakarkako erakusketa aurkeztuko du lehen aldiz Biarnon
Eguenean [ekainak 15] Biarnon 2016 eta 2023an artean egindako lanak aurkeztuko ditu. Urrira arte egongo dira ikusgai.
Artista markina-xemeindarrak mugak gainditu ditu, lehen aldiz bakarkako erakusketa bat izango du Biarnon (Okzitania). Biarnoko La Commanderie izeneko XII. Mendeko erromesen ospitale batean aurkeztuko ditu eguenean [ekainak 15] bere lanak eta urrira arte egongo dira ikusgai. Hain zuzen ere, Arriagak nabarmendu du tokiaren berezitasuna, bere “historiagatik eta balio arkitektonikoagatik”, baita iraupenagatik ere, “hain denbora luzean jende askok ikusi ahalko du”. Parentesi bat izango dela esan du: “bost zentzuak erabili beharreko bidaia izango da, ate guztiak zabalduko dira, parentesia, baina hurbiltzen direnek zabalik utzi behar dute. Horrela aurkituko dituzte noizbait itzuli nahi badute”.
Hain zuzen ere, antolatzaileek artistaren kalitatea eta sentiberatasuna goraipatu dute: “Arriagaren lanek elkarrizketa edo eztabaidarako bidea zabaltzen dute. Pertsonekiko, injustiziarekiko eta berdintasunarekiko sentikortasun handia erakusten du”. Markina-Xemeindarrak bere “kezka eta antsietate pertsonalak” erakusten ditu bere lanetan, baina era berean, arazo horiek “unibertsalak edo guztionak” direla dio. Hainbat gai jorratzen ditu, pertsonaletaz gain: emakumeen opresioa, gerrak, lagunak, familia, desoreka soziala edota pandemia.
Bizia eman. Arriaga Kandelak ikuskizuna eskaintzen ari da Garazi Etxaburu ondarrutarragaz batera. Berriatuan izan zen lehendabizi eta zapatuan Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan erakutsi zuten elkarlana. Dantzariak artista markina-xemeindarrak sortutako zurezko eskultura handi bati bizia ematen dio. “Duela bi urte hasi ginen elkarlanean, nire eskulturak azaleratzeko bestelako bide bat aurkitu nahi nuen eta asko gustatu zitzaidan Etxaburuk transmititzeko duen gaitasuna, bizitasuna ematen dio”. Abenduan beste emankizun bat emango dute Arriagak eta Etxaburuk eta beste proiektu baten lanean daudela ere aurreratu du.