Oletako jaiak “inoizko arrakastatsuenak” izan dira
Jai Batzordeak jaietako balorazio “oso ona” egin du. Zozketetako zenbakiak zabaldu dituzte.
Amaitu dira Oletako jaiak, «inoizko arrakastatsuenak» izan dira Jai Batzordearen arabera. Aurreikuspen denak gainditu dituztela azaldu dute, ez zutela «hainbesterako jendetza espero» eta etenik barik egon zirela beharrean, batez ere zapatuan [ekainak 10]. Protagonista nagusia jai giro «ona» izan zela nabarmendu dute.
Zapatuan elkartu zen jendetza gehien, beste urte batzuetan baino goizago. Asko izan ziren Oleta inguruan bazkaldu zuten kuadrillak edota kintadak eta ohi baino lehenago hurbildu zirenak txosnagunera. “Tortilla txapelketa hasi genuenerako jende asko zegoen, musika taldeen soinu probekin dantzatzen eta guzti”. Zortzi tortilla aurkeztu ziren txapelketara. Gero, musika izan zen protagonista eta jai batzordetik taldeen aukeraketan jarri dute garrantzia: “Gozategik eta Oxabik adin tarte oso zabala hartzen dute eta ondorioz ume, gazte zein helduak hurbildu ziren gurera, denentzako musika baitzen, erabat asmatu dugu”.
Jendearen joan-etorri etengabekoa izan zen eta Jai Batzordetik nabarmendu dute gero eta jende gehiagok alde batera utzi duela autoa Oletara arte joateko. “Ez ditugu ikusi hainbesteko kotxerik errepide bazterretan eta hori albiste oso ona da. Autobusaren erabilpena, Lekeitiokoa zein Lea-Artibaiko Gababusarena, asko igo da eta badaude autobus pribatuak hartu dituztenak Oletako jaietara etortzeko eta guzti”.
ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI
Domekan [ekainak 11] herri kirolak urtebeteko etenaldiaren ostean itzuli ziren egitaraura eta herritarrek, “beti bezala”, erantzun “oso ona” izan zuten. “Kirolariek mota guztietako probak egin zituzten eta gainera inguruko neska-mutilek ere parte hartu zuten”. Astelehen [ekainak 12] arratsaldean ere ume asko elkartu zen txosnagunean puzgarrietaz eta jokoetaz gozatzeko. Gauean, berriz, azken urteetako tendentzia mantentzea lortu zuten. Nahiz eta euri zaparradaren bat edo beste izan, asko izan ziren Oletako jaietaz gozatu nahi izan zutenak.
Ondorengoak izan dira Oletako jaietako zozketako zenbaki saridunak:
- Lehen saria: Epermendi tabernarako bazkari edo afaria eta urdaiazpikoa: 0311 eta 0263 (ordezkoa)
- Bigarren saria: Klaudio tabernarako bazkari edo afaria eta ardoa: 1079 eta 0922 (ordezkoa)
- Hirugarren saria: Ibaigane tabernarako bazkari edo afaria: 0345 eta 1641 (ordezkoa)

































