"Betiko martxan" ospatuko dituzte aulestiarrek San Joan jaiak
Ekainaren 21etik 25era hamaika ekintza izango dituzte. Ez dira faltako Ipuin Topaketa, Sobra sariketa edota Paella Txapelketa.
Beste urte batez, “betiko martxan” antolatu dituzte Aulestiko San Joan jaiak, egitarauan aldaketa handirik egin gabe. Umeak izango dira, beste urte batez jaiez gozatzen lehenak. Eguaztenean [ekainak 21], ikasturteko azken egunean, Umeen Eguna ospatuko dute. Puzgarriak eta jolasak izango dituzte, eta eguerdian Eskolako Txupina botako dute seigarren mailako ikasleek. Gero, eskolako irakasle eta gurasoek bazkaria egingo dute Ubillan.
Arratsaldean, 35. Ipuin Topaketako sari banaketa egingo dute 18:00etan, parkean. Urteak daramatzate Aulestin ipuin topaketak antolatzen, eta horregaz lotutako ekimen ezberdinak eramaten dituzte aurrera. Aurten 57 ipuin edota marrazki aurkeztu dituzte adin guztietako ume zein gazteek. Ostean, txokolatea denentzat. 19:30ean Amets Arzallusek Miñan liburuaren inguruko hitzaldia eskainiko du, udal aretoan. Lehenago, liburu beraren antzezlanaren entseguen ate irekiak egingo dituzte, Lea Espazioan.
Batzordetik adierazi dute aurten “sekretua” dela nor izango den txupineroa.
Aurten, 3. adineko eta pentsiodunen eguna sartu dute egitarauan. Roberto eta Idoia trikitilariek girotuko dute eguerdian, nagusiek Ilunzarren bazkaltzeko mahaian elkartu baino lehen. Ekainaren 23an, San Joan bezperan, hain zuzen ere, izango da gazteen txanda bazkaltzeko. Gero, gazteen arteko jolasak antolatu dituzte arratsaldea girotzeko. Hala ere, bestelako aukera ere emango dute, San Pedroetako esku pilota txapelketako finalaurrekoak jokatuko dituzte, Torrezelai frontoian. Indarrak hartzeko, herritarrak plazan elkartuko dira sahieskia jateko, gaua, eta oro har eguna, luzea izango baita. 22:00 emango diete aulestiarrek hasiera ofiziala San Joan jaiei txupinazoagaz. Jai Batzordetik adierazi dute aurten “sekretua” dela nor izango den txupineroa, nork hartuko duen herriko gazteen erreleboa.
K-Tum-K batukada buruhandien laguntzagaz izango dira herritarrak parkeko San Joan sura gerturatzeko arduradunak. Suaren ostean hasiko dira kontzertuak gaztetxean, oraindik zehazteke daude, baina jai giroa ziurtatuta egongo da Aulestin.
Tradizioa. San Joan Eguna koloretsua izaten jarraituko du, ohitura zaharrari eutsi nahi diete. Mezaren ostean, urtero Sobra Sariketa lehiatzen da egun horretan, eta herritarrek prestatutako sobrak kolore dotoreekin apaintzen dute herria. Lan handia egiten dute herritarrek, eta aurten gainera sari gehiago izango dituzte aukeran. Hori bai, 12:15erako aurkeztu beharko dituzte sobrak. Lehen sariak hiru saridun izango ditu eta bigarren sariak ere beste horrenbeste eta parte hartzaile denek jasoko dute lorea. Horrez gain, antolatzaileek saridun bakarreko sari berezia egingo dute: “Sari berezian lorak baloratuko dira bakarrik, haien edertasuna, usaina, aniztasuna, kolorea, konposizioa…”.
Antolatzaileek esan dute kanpai hotsen ostean entregatzen diren paellak “penalizatuak” izango direla.
Aulestiko San Joan jaietako beste ekintza tradizionalenetako bat paella txapelketa izaten da, 21. aldiz ospatuko dute. 11:00etarako kuadrilla bakoitzeko ordezkariak plazan egon beharko dira mahaiak antolatzek, baita nahi izanez gero bakoitzak bere aterpea jartzeko. 14:30ean aurkeztu beharko dira paellak. Antolatzaileek esan dute kanpai hotsen ostean entregatzen direnak “penalizatuak” izango direla. Hobe denboraz aritzea sariak handiak baitira: lehen sailkatuek 110 euro irabaziko dituzte, bigarrenek 90 euro, hirugarrenek 60 eta laugarrenek 25. Herritarrak herri bazkarian elkartuko dira denak batera bazkaltzeko. Gero, galdera erantzunen jolasera jolastuko dute nagusiagoek eta herriko gazteen umeentzako musika edota dantzak egingo dituzte. Gauerako indarrak hartzeko 20:00etatik aurrera bokatak egingo dituzte txosnan. Beharko dira Puro Relajoren kontzertuan dantza egiteko.
Ekainaren 25ean amaituko dira jaiak, San Joan Bigarrenagaz, baina ekintzak ez dira faltako. Meza egingo dute Murlan, eta gero herriko nagusiek kopaua izango dute herriko dantzarien erakustaldiaz gozatzen duten bitartean. Arratsaldean, San Pedroetako esku pilota txapelketako finalaurrekoak jokatuko dira. Eta sanjoanak behar bezala amaitzeko, pintxo poteoa egingo dute, jaiak hurrengo urtera arte agurtzeko.