Lekeitioko Musikaiaren X. Aste Musikalak 400 partaide baino gehiago izango ditu
Musikaia musika eskolak antolatuta ekainaren 19tik 23ra hainbat kontzertu eskainiko dituzte.
Musikaia Lekeitioko musika eskolak beste urte batez, hamar urte dira jada, Aste Musikala antolatu du ekainaren 19tik 23ra bitartean. Bost kontzertu eskainiko dituzte. Astelehenean musika eskolan izango da 18:00etan eta lehen eta bigarren mailako abeslari gazteek abestuko dute. Martitzen, eguazten eta barikuan Ikusgarri zinema aretoan abestuko dute, lehen bi egunetan 19:00etan eta azkenengoan 18:00etan. Eguena, berriz, Koruaren Eguna izango da eta tradizioari tinko eutsiz udaletxeko eskilaretan eskainiko dute kontzertua, 18:00etan. Guztira 400 partaide baino gehiago izango ditu Aste Musikalak eta 90 abesti inguru abestuko dituzte. “Estilo desberdineko kantak izango dira eta talde askok parte hartuko dute instrumentukoak, ahotsezkoak baita umeen musika tailerreko taldeak ere”, adierazi dute musika eskolatik.