Lekeitioko Udalak martxan jarriko ditu Garraitz irlako bigarren faseko lanak
Lizitazioa atera berri dute, guztira 164.882,97 eurokoa, eta lanak irailaren 11tik azaroaren 11ra egingo dituzte.
Garraitz uhartea Lekeitioko eta euskal kostaldeko paisaia natural, kultural eta paisajistikoaren “funtsezko ikonoa” dela esan dute. Horregatik, 2019an Eusko Jaurlaritzak Parke Arkeologikoaren izaera aitortu zion eta geroztik hura balioztatzeko lanetan daude. Lehen fasea duela zenbait hilabete eraman zuten aurrera, bertan espazio naturalaren kudeaketa hobetu eta baliabide naturalak babesteko lanak egin zituzten.
Orain, bigarren fasea jarriko dute martxan. “Uhartearen erakargarritasun turistikoa hobetuko da, ondare arkeologikoa babestuko da eta modu jasangarrian bisitatzea sustatuko da”, esan dute udal ordezkariek. Irlako multzo erlijioso-militarrean oinarrituko dituzte lanak, aztarnak finkatuko dituzte eta lehenengo faseko lanei jarraipena eman. Horrela, irlako aztarna arkeologikoen “integritatea” egonkortuko dutela diote. Era berean, espazio naturalaren “kudeaketa hobetzea eta paisaia suspertzea” dute helburu.
“Aztarnak egonkortu eta gero, horiek hondatzea eragotziko da eta, aztarnak bidearen alboan eta argi identifikatuta egonda, lortuko da bisitariak bidexkatik ibiltzea, uhartetik noraezean ibiltzea saihesteko, landare basati zaurgarriak kaltetzea edo hegaztien bizitza oztopatu ez dezaten”.
Obretarako lizitazioa atera dute, guztira 164.882,97 eurokoa, BEZ barne, eta aurkezteko epea zabalik dago uztailaren 10era arte. Lanak Europar Batasunaren NextGenerationEUk finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da. Lanak irailaren 11tik azaroaren 11ra egingo dituzte.
Aspalditik. Azken udetan indusketa lan desberdinak gauzatu dituzte Garraitzen, urte luzez estalita zeuden arrastoak bistaratu dituzte, horma eta aztarna berriak aurkituz. Horrez gain, Aranzadi Zientzia Elkarteak “Garraitzeko parke historiko-naturala: Garraitzeko eremu erlijioso-militarraren egonkortzea” proiektua idatzi zuen.