Artibai Futbol Taldeak berdegunetik herrigunera eroan du gaur [ekainak 17] Artibai Eguna, taldearen 40. urteurrena herritarrekin ospatzeko. Plazabarripean giro ederra egon da eguerdian, pala partida, txosna eta txahal pintxoen inguruan.
Artibai Futbol Taldeak jarritako hitzorduagaz bat egin dute gaur [ekainak 17] ume, gazte eta helduek, Artibaiko kamiseta zuriak soinean askok eta askok. Antolatzaileek aurreikusi modura, herritarrengandik erantzun “oso ona” jaso dute eta ekintzaz ekintza “giro polita” eduki dute.
10:00etan hasi dituzte taldearen 40. urteurreneko ospakizunak, iragarri modura, frontoi txikian. Pala partidak hasi dira ordu horretan, eta hamar bikote aritu dira euren abileziak erakusten: umeen kategorian hiru bikote eta gazteenean, zazpi. Jan-edanerako tarterik ere ez da falta izan. Txosna bat eta txahala zerbitzatzeko gunea prestatu dituzte klubeko kideek Plazabarripean, eta pala txapelketak aurrera egin ahala, jendea gehitzen joan da. Jendea eta jai giroa.
Batukada doinuek ere lagundu dute giro berezia sortzen. Zelai inguruak musikatu dituzte eguerdi partean batukadako kideek, lantzean-lantzean “Aupa Artibai” ohikatuz. Futbol taldearen historian murgildu nahi zutenek ere izan dute horretarako aukera, Uni frontoiko lehenengo solairuko erakusketa bisitatuz. Bertan, besteak beste, lau hamarkadako argazkiak, garaikurrak eta kamisetak egon dira ikusgai.
Karmenetako pregoilari eta txupinero. Asteon jakin dute Artibai Futbol Taldeko kideek Karmen jaietako pregoilari eta txupineroak izango direla, Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleari erreleboa hartuta. Taldekideek “pozik” hartu dute udaleko alderdi biek adostutako erabakia. 40 urteurren ospakizunak borobiltzeko modu ezin hobea izango dela adierazi dute.