Herriari eskaini dizkiote alkate makilak udal osaketetan
Emozioz eta arduraz beteta osatu dira gaur eguerdian udalak. Markina-Xemeinen eta Mendexan, lehenengoz, emakumeek hartu dute alkate kargua; herriari ezeze, emakume guztiei ere eskaini diete aginte makila. Aurreikusi legez, Amaia Zabala izendatu dute alkate Gizaburuagan.
2027ra arteko udalak osatuta geratu dira gaur eguerdian (ekainak 17), normaltasun osoz eta ezusteko barik. 12:00etan zeukaten jarrita ordua ia herri denetan. Ondarroa izan da salbuespena; 13:00etan hasi dira udal osaketagaz.
Aginte makila alderdiz aldatu da Markina-Xemeinen, Mendexan eta Lekeition, EAJkoak izatetik EH Bildukoak izatera pasatuz. Luis Egurrolak Iratxe Lasari eman dio alkate makila Markina-Xemeinen, Pedro Zenigaonaindiak Mari Jose Uriarteri Mendexan eta Koldo Goitiak Ander Aldazabali Lekeition. Lehen udalerri bietan, aginte makila hartu duten lehenengo emakumeak izan dira Lasa eta Uriarte.
Pozez gainezka hartu du alkate kargua Lasak, udalbatzar bete herritarren aurrean. Makila herriari bueltatu dio, keinu eginez, herritik eta herriarentzat lan egingo dutela nabarmenduta. Emakumeei eskaini die bereziki: “Josune Aramendik botatako bertsoa apur bat parafraseatuz, zor histokikoek badute beren momentua eta, gaur, Markina-Xemeinen, hauxe da momentua. Datozen lau urteetan eta azkena izango ez den emakumezkoa alkate. Makila emakumeei eskaini nahi diet bereziki”. Azken hilketa matxista ere gogoan izan du, eta elkarretaratzera gonbidatu ditu guztiak.
Luis Egurrola aurreko alkateak zorionak eman dizkio EH Bilduri, bereziki Lasari, eta lanerako eta akordioak lortzeko prest daudela esan du. “Akordioak lortzeko hemen edukiko gaituzue”. Oraintsu zendu den Alex Aretxabaleta zinegotzia gogoan izan dute berba hartu duten guztiek, eta herriaren alde egin duen lana eta konpromisoa txaloz eskertu diote osoko bilkura aretoa bete dutenek.
Pozik baino pozago hartu du Uriartek ere Mendexa gobernatzeko ardura. Orain arte oposizioan egon eta gero, lehenengoz egongo da EH Bildu alkatetzan; lehenengoz, emakume bata izango da alkatea: “Izugarrizko poza ematen du horrek. Gaur ospakizun eguna dugu”, adierazi dio HITZAri. Alkate makila herriari eskaini dio, eta danak herria egitera gonbidatu ditu: “Eskerrik asko herriari gugan jarri duen konfiantzagatik. Ilusioz eta arduraz ekingo diogu agintaldiari”.
Ander Aldazabalek ere izugarrizko emozioagaz hartu du Lekeitioko alkate makila, eta herriak beragan eta lantaldean jarritako konfiantza bueltatzeko asmoa agertu du. Alkate kargua bizitzan izango duen beste erronka bat izango da beretzat: “Erronkak hartu behar dira, aldaketak nahi badira, norbera hasi behar da eredua ematen, eta abante goaz honegaz”. Udal osaketa egin eta gero, makilagaz irten dute kanpora, eta eskerrak eman dizkiete ondoan egon diren guztiei. Alkate makila ezeze, agurra ere eskaini diote herriari. “Orain lan egitea dagokigu, kaletik eta udaletik. Eredu nahi dugu bihurtu Lekeitio”.
Herritarrek eurengan jarritako konfiantzari arduraz erantzuteko gogoz hasi dute agintaldia
Zabala, Ibaibasoren buru berriz. Gizaburuagan udal osaketa aurreko batzarrean erabaki dute zeinek hartu alkate kargua. Aureikusi legez, maiatzaren 28ko hauteskundeetan herritarrek gehien bozkatu zuten hautagaiak hartu du alkate makila, aho batez: Amaia Zabalak. Bigarren agintaldia hasiko du, Ibaibaso herri hautagaitzaren buruan. Guztien artean Gizaburuagarentzat lan egiteko konpromisoagaz ekin dio udal talde berriak agintaldiari. Eguenerako (ekainak 29) jarri dute hitzordua udala utziko dutenek eta sartuko direnek, alorrez alorreko ardurak banatzeko.
Lehen agintaldiari ekiteko gogotsu hartu dute alkate makila Ondarroan Urtza Alkortak (EH Bildu), Berriatuan Joseba Goienolak (EH Bildu), Ziortza-Bolibarren Andoni Larizek (EH Bildu) eta Aulestin Irati Urberuagak. Lehenengoz izango da Amorotoko alkate Asier Arrizabalaga (Herri Kandidatura), Ibon Gabiolari lekukoa hartuta. Hirugarren agintaldia dute, berriz, Ispasterren Garbiñe Saenz de Buruagak (EAJ), Munitibarren Arkaitz Goikoetxeak (EH Bildu) eta Mutrikun Joseba Palenzuelak. Azkenik, laugarren agintaldia hasteko gogotsu dago Jesus Iriondo (EAJ) Etxebarriko alkatea. “Herritarrek nigan jarritako konfiantza berrestea oso pozgarria da niretzat. Bete egiten nau”, adierazi dio HITZAri. Eskerrak eman dizkie alderdikideei, alboan egon direnei eta, bereziki senideei: “Euren babes barik ezinezkoa litzateke hau”. Aurreko agintaldiaren bidetik jarraituz, akordioetarako prestutasuna agertu du: “Alkarregaz, Etxebarri hobetuko dugu”.