Tradizioari tinko eutsiko diete lekeitiarrek San Pedro jaietan
Ekainaren 28tik uztailaren 1era arrantzaleen ohiturak izango dira nagusi. Asier Uskolak dantzatuko du berriro Kaxarranka. Zesta topaketa egingo dute.
San Antolinak Lekeitioko jai nagusiak badira ere, sanpedroak ere oso bereziak dira herrian, ekainaren 28tik uztailaren 1era ospatuko dituzte. Betiko legez, arrantzale munduko tradizioek xarma berezia ematen diote herriari. Udalak esan du «ohiko egitaraua» mantendu dutela: «Asteburua ez denez, jende gutxiago egongo da, eta aukera gutxiago daude bestelako ekintzak antolatzeko».
Zapatuan [ekainak 24] 10:00etan hasiko dituzte sanpedroetako ekintzak. Lehen aldiz, San Pedroetako zesta-punta eskolen arteko topaketa egingo dute, frontoian. Akarregi pilota elkartetik esku pilota txapelketaz gain, zesta-puntari bidea zabaldu nahi izan diote. Lekeitioko, Berriatuko, Markina-Xemeingo eta Mutrikuko zesta eskolako 8 eta 12 urte bitarteko 44 umek parte hartuko dute. Hiru mailatan banatuta, kinielak jokatuko dituzte, baina tantoka izan beharrean, 20 minutuko bi kiniela jokatuko dituzte. Tanto gehien biltzen dituzten lau pilotariek arratsaldean partida jokatuko dute set formatuan, hau da, profesionalen modura. Puntista gazte denek saria jasoko dute, baita jan-edana ere. Ekainaren 28an San Pedro bezpera ospatuko dute lekeitiarrek. Buruhandiek, erraldoiek, txistulariek eta bandako musikariek hartuko dituzte kaleak.
Etorkizuna dantza taldeko kideek ez diote «merezitako baino garrantzia gehiagorik» eman nahi aldaketari.
San Pedro Eguna, zelan ez, Dei eittekuakaz hasiko dute kalez kale. 09:30ean herriko txistularien diana izango da. 10:15ean udaleko alkate eta zinegotziek kofradiako lehendakari eta arduradunekin udaletxetik elizarainoko prozesioa egingo dute Lekitto musika bandak lagunduta. Ostean, meza izango dute. Behin amaituta, San Pedroren omenezko prozesioa egingo dute, eta tradizioari jarraituz, San Pedroren irudiagaz kilin-kalakoa egingo dute portuko santuaren irudiaren aurrean.
Jarraipena. Iazko Kaxarranka historikoa izan zen, lehen aldiz emakume batek dantzatu zuen, Ane Marurik. 20 urteren ostean, Asier Uskola min hartuta zegoen, baina aurten bera izango da berriro Euskal Herriko antzinako dantza egiteko arduraduna. Etorkizuna dantza taldeko kideek ez diote «merezitako baino garrantzia gehiagorik» eman nahi aldaketari, «aldaketak naturalki» gertatu dira beraientzat. Tradizioari jarraituz, San Pedropean dantzatuko lehendabizi eta Kofradia aurrean gero. 13:00etan, Etorkizunako dantzariek emakumeen aurreskua dantzatuko dute, eta Kaxarrankaren azken dantzaldia egingo dute plazan.
16:30ean, San Pedroetako 17. esku pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte. 20:00etan hasiko da ikastolatik Zaletxuak taldeak antolatzen duen danborrada herrikoia Aittitta Makurra txarangak alaituta. Ondoren, suzko zezena egongo da plazan, eta Txirrist txarangagaz esango diote agur lekeitiarrek San Pedro jaietako egun handiari.
Hala ere, jai giroa ez da San Pedro Egunagaz amaituko, herriko txikiek ere beraientzako prestatutako eguna daukate era. Goizean buruhandiak eta erraldoiak izango dituzte, eta ez da musikarik faltako Eguzkilore jubilatuen abesbatzagaz, Lekitto musika bandagaz edota Eskolapeko eguerdiko erromeriagaz. 18:00etan hasiko da 41. Irrintzi txapelketa, Talan. Parte hartu nahi dutenek ordu erdi lehenagotik izango dute aukera izena emateko. Amaitu bezain laster, Fan & Go taldeak erromeria eskainiko du bertan.
Urtero legez, San Pedro baltzak emango dio amaiera egitarauari uztailaren 1ean. 11:00etatik 12:30era, umeentzako jokoak egongo dira, Rufo Atxurra plazan. Eguraldiak lagunduz gero, eguerdian meza egingo dute San Pedro baltzaren aurrean, Tortola kalean. Lore eskaintza ere egingo dute. 16:00etan, 24. Kilin Kala igeri lehiaketa antolatu du Garraitz kirol taldeak. Bestela, mus txapelketa jokatuko dute Sociedad Recreativan.