Lea-Artibai Ikastetxeak prestakuntza berritzailea eskaini du kolektibo zaurgarrientzat eta laneratzeko zailtasunak dituztenentzat
15 ikaslek parte hartu dute Clean Up Mixed Proyect 2 proiektuan: “Helburua prestakuntza herritar zaurgarrienei hurbiltzea izan da”.
Lea-Artibai Ikastetxeak “lankidetza estua” izan du proiektuan Lanbidegaz eta Lea-Artibai Amankomunazgoagaz laneratzea lortu aldera. “Eskualdeko garbiketa sektorearen beharrei erantzuteko sortu zen prestakuntza berritzailea; izan ere, lanbide horrek goranzko eskaria izan arren, kalifikaziorik gabeko langileak ditu, eta gehienak emakumeak dira, gizarte-bazterketa egoeran daudenak” . Beraz, aldi berean, “generoaren eta klasearen arabera diskriminatutako garbitasunaren lanbidea” duindu nahi izan dute.
Lehen aldiz martxan jarritako Clean Up Mixed Proyect 2 proiektu “berritzaileak” baztertuta geratzeko arriskuan dauden eta laneratzeko zailtasunak dituzten kolektibo zaurgarrientzat diseinatu dute. “Helburua izan da prestakuntza hurbiltzea formakuntza-zailtasun handienak dituzten herritarrei, bereziki aldez aurreko ikasketarik gabeko emakumeei, eta laguntza, aholkularitza eta orientazioa eskaintzea, generoa edo arraza edozein dela ere”.
Guztira, 15 ikaslek hasi zuten prestakuntza, hamar emakumek eta bost gizonek, eta hamarrek amaitu dute. Praktikak egin dituzte eta horietako batzuek lan kontratua sinatu dute edota udan ordezkapenak egiteko aukera lortu praktikaldia egin duten enpresetan. Parte hartzaileek “oso positibotzat” jo dituzte proiektuko ekintzak. Bultzatzaileak ere “oso pozik” agertu dira ezarritako helburuak bete dituztelako: “Lea-Artibai eskualdeko garbiketa-sektorearen eta emakume etorkinen kolektiboaren egungo errealitatea ezagutzea ahalbidetu du”
Denetarik. Hiru ekintza egin dituzte urtarrilaren 16tik maiatzaren 19ra bitartera. Azaldu dutenez, erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza-metodologian oinarritu dira eta alde teorikoa zein praktikoa izan du. Lehenengo, ikasleak garbiketa tekniketan eta prozeduretan trebatu dituzte, eta praktikak egin dituzte Ikastetxean bertan zein hainbat enpresatan, prestakuntza amaitzean. Gero, gaitasun profesional zein emozionaletan sakondu dute coaching-aren bidez, jarrera, erantzukizuna, antolaketa, autokonfiantza, edota enpatia bezalakoak landuz. Azkenik, elkarrizketak egiteko, curriculum vitaea diseinatzeko eta lan-munduari lotutako teknikak ikasi dituzte.