Herritik eta herritarrentzako jaiak
Sanpedroetan murgilduta daude berriatuarrak. Uztailaren 2ra bitartean, denetariko ekintzak izango dituzte aukeran adin guztietako herritarrek.
Herritarrek herritarrentzako prestatutako jaiak dira Berriatuko sanpedroak, herriari kolorea, bizitza eta jai giroa ematera datozenak. Gaurtik uztailaren 2ra arte ez dute etenik izango, eta non eta zertaz gozatu edukiko dute adin guztietako herritarrek, eurentzako guztientzako prestatu baitituzte herriko jai nagusiak udal ordezkari zein jai batzordeko kideek.
“Betiko antzerako” egitaraua osatu dutela dio Joseba Goienola Berriatuko alkateak. Jai herrikoiak eta kulturalak izaten dira gehien bat sanpedroak, herritarrentzako jaiak: “Inguruko herri eta auzo asko jaietan egoten direla ikusita, herritarrontzako jaiak izaten dira sanpedroak”.
Senegaldarren Egunagaz hasi dituzte jaiak aurten. Urteak daramatzate Senegaldarren Eguna ospatzen, 10 urtetik gora. “Elkarbizitza” sustatzeko eguna izan da: “Berriatuan bizi den Senegaldarren komunitatea kontuan hartuta, herritarrekin elkarbizitza sustatu, kultura, gastronomia… desberdinak ezagutu eta bide batez ondo pasatzea da helburua”.
Umeen bazkarirako bihar arte izena eman daiteke udaletxean
Herriko kaleek ere garrantzia hartzen dute sanpedroetan. Jai batzordekoak zein udalekoak ahalegintzen dira kultur ekitaldi desberdinak kalera ateratzen eta artistei euren lanak Berriatuan erakusteko aukera eskaintzen. Hala, bihar, Mute zirkuagaz gozatu ahal izango dute herritarrek, herriko plazan. Hurrengo egunean ere, kale antzerkia izango dute aukeran, Barsanti konpainiak Akabo ikuskizuna antzeztuko baitu herriko plazan.
Txikiak protagonista. Barikuan San Pedro Txiki Eguna ospatzen dute Berriatuan, eta umeak izango dira eguneko protagonista nagusiak. Jolasten hasiko dute eguna, eta herri bazkarian elkartuko dira eguerdian; bazkarian egoteko izena eman behar da udaletxean, eta hori egiteko azken eguna da bihar. Urtero-urtero 50 edo 60 inguru batzen dira, eta aurten ere horrenbeste jende bertaratzea espero dute. Puzgarriez eta apar festaz gozatzeko aukera izango dute arratsaldean, baita txokolatea jatekoa ere.
Iaz, Berritxu Saria berreskuratu zuten eta, aurten ere, bertsolari gazteei plaza eskaintzeko hautua hartu dute antolatzaileek. ”Berritxu Sariak ere sufritu zuen pandemiaren eragina, baina aukera eta plaza oso ona da bertsolari gazteek jendeaurrean kantatzeko aukera izateko, eta horri eutsi egin behar zaio, eta ahal bada indartu”, azaldu dute.
Uztailaren 1ean, triatloi herrikoian batuko dira berriatuarrak, eta norena den tortilla eta entsalada onena erabakiko dute. Arratsaldean, gainera, bola txapelketa herrikoia egingo da.
Triatloia Urepel kirol taldeak antolatzen du, eta «xumea bezain polita» izaten dela azpimarratu dute antolatzaileek, “bakoitzak bere neurrira egokitzeko modukoa”.
Tortilla eta entsalada txapelketak ere azken urteetan berreskuratu dituzte: “Oso giro polita eta herrikoia egoten da. Gainera, entsalada bertoko produktuekin egiteko garai hoberik ez dago garai honetan”.
Jaiak alebin mailako zesta-txapelketagaz agurtuko dituzte uztailaren 2an, eta Euskal Herri guztiko pilotariak bertaratuko dira herrira. Alkateak Jai Batzordearen lana azpimarratu du, “oso garrantzitsua” dela esanez: ”Eurei esker ditugu Berriatuan kalitatezko horrenbeste jai eta ekintza”.
Egitaraua.
Bihar, ekainak 28, eguaztena
19:00. Mute zirkua, herriko plazan, Cia Orain-Bi Zirko antzerkiaren eskutik.
Etzi, ekainak 29, eguena. San Pedro eguna
12:00. Esku pilota partiduak frontoi txikian, gazte eta nagusi mailetan.
12:00. Meza nagusia, elizan.
19:00. Akabo kale antzerkia, herriko plazan, Barssanti konpainiaren eskutik.
Ekainak 30, barikua, San Pedro Txiki eguna
11:00-13:00. Umeentzako jolasak, herriko plazan.
13:30. Umeen bazkaria. Ekainaren 28a aurretik izena eman beharko da.
15:00-17:00. Puzgarriak, herriko plazan.
17:00. Apar festa, herriko plazan.
Ondoren. Txokolate jana Anaitasuna elkartearen eskutik.
19:00. Berritxu Saria, bideo gelan.
Uztailak 1, zapatua
09:30. Triatloi herrikoia.
14:30. Entsalada eta patata tortilla txapelketa, herriko plazan.
18:00. Bola txapelketa herrikoia, Elizpeko plazan.
Uztailak 2, domeka
09:30. Alebin mailako zesta-punta txapelketa, Euskal Herriko pilotariekin, egun guztian.