Peruko Gobernuko ordezkaritzak Lea Artibai Fundazioaren egoitza bisitatu du
Gaur [ekainak 27] Markina-Xemeingo Berrikuntza Gunean izan dira: “Helburu nagusia da Euskal Herrian ezarritako praktika arrakastatsuetatik ikastea eta ikasgai horiek Peruko testuinguruan aplikatzea”.
Guztira Peruko Gobernuko bederatzi ordezkari izan dira eLankidetzak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Garapenek antolatutako Markina-Xemeingo topaketan. Goiz osoa eman dute Lea Artibai Fundazioaren egoitza bisitatzen. Esperientziak “trukatu” dituzte eta ikusi dute nola lantzen dituzten hainbat herrialdek, Euskal enpresek barne, erakunde-eraldaketarekin zerikusia duten gaiak eta nola txertatzen duten “lurralde- ikuspegia” garapen helburuekin.
Alde biek adierazi dute esperientzia “baliotsua” izan dela. Peruko ordezkariek “gertutik eta bertatik” ezagutu ahal izan dute Euskal Herriko egoera, “zehazki eraldaketa instituzionalean eta lurralde-garapenean EAEn dugun ikuspegi deszentralizatuari buruz ikasi nahi dute”. Gaur [ekainak 27] ikasitakoak Peruko testuinguruan aplikatu nahi dituzte politika publikoak eta eskualde garapena hobetzeko helburuagaz.
Helburu nagusia bete dutela esan dute, hau da, “Euskal Herrian ezarritako praktika arrakastatsuetatik ikastea eta ikasgai horiek Peruko testuinguruan aplikatzea”. Garapeneko kudeatzaile Elisabeth Urbietak nabarmendu du bisita “oso interesgarria” izan dela: “Tokiko garapenaren eredua ezagutarazteaz gain, Perurekin lankidetza-harremanak ezartzeko eta harremanak sendotzeko aukera eman du, agentziei zein euskal enpresa-sareari laguntzeko balio baitezake”.
Bestalde, Paul Ortega eLankidetzako zuzendariak azpimarratu dute horrelako ekimenek “erronka globalei aurre egiteko topagune bat” lortzen laguntzen dutela. “Transmititu nahi dugun ezagutza lankidetza deszentralizatuan oinarritzen da, estatuz azpiko gobernuok egiten dugun lankidetzan, hain zuzen ere, lurralde desberdinetako hainbat eragile artikulatzeko aukera ematen duena. Lankidetza-eredu horizontalagoa da, lankidetza-sareak ehuntzea helburu duena”.