Amorotoko eskolak 'Eskola txiki, bihotz handi' kanta sortu eta grabatu du
Adin guztietako 55 herritarrek parte hartu dute abestiaren grabaketan.
Unai Egia, Nabil taldeko lekeitiarrak konposatutako abestia izan da grabatu dutena. Egiak, eskolako irakasle izan zen ikasturtean konposatu zuen abestia eta ikasleek eskolako jaialdian eskaini zieten bertaratutakoei. “Oso polita izan zen emanaldia eta pendiente geratu zen zerbait gehiago egitea abestiarekin”, azaldu dute.
Aurten, guraso elkartearen ekimenez eta eskolarekin elkarlanean, abestia grabatzea pentsatu zuten. Hilaren hasieran herriko difusio taldetik deialdia egin zuten nahi zuenak entsegu eta grabaketan parte hartzeko, herritar guztientzako zabalik zegoen aukera. 55 herritarrek parte hartu dute abestiaren grabaketan, adierazi dute “sekulako erantzun ona” izan duela, pasada bat izan da”.
“Garrantzi berezia” izan du, gainera, herriko Musikorta estudioan grabatzeak Xabi Navarro ‘Jota’ teknikariaren eskutik. Abeslariak, esan legez, herritarrak izan dira, eta grabatzen lehenengoak eskolako umeak eta irakasleak: “eskolako ume denek parte hartu dute, txikiñenetik hasi eta nagusienera arte”. Nagusien txandan uste zuten 15 bat lagun bertaratuko zirela eta azkenean 26k parte hartu dute, “pentsatu baino gehiagok”, nabarmendu dute. Nagusien artean irakasleak, gaur egun guraso direnak, eta lehenago eskolako guraso izandakoak egon dira.
Musikariei dagokienez, denak izan dira inguruakoak: “Unai Egia lekeitiarra izan da kantuaren egilea eta bera aritu da baita ere gitarra jotzen, Galder Elorza eta Ibai Castro izan dira baxujotzaileak eta Asier Gabiola aritu da baterian”.