Azken aldiz dantzatu du Asier Uskolak Kaxarranka Lekeitioko San Pedro Egunean
Gaur [ekainak 29] jendetza elkartu da azken dantza ikusteko. Amaieran, omenaldia egin diote, plazan.
Iazko San Pedro Eguna berezia izan zen Lekeition eta aurtengoa ez da gutxiagorako izan. Iaz Ane Maruri Kaxarranka dantzatu zuen lehen emakumean bilakatu zen. Aurten, berriz, Asier Uskolak azken aldiz dantzatu du. 17 urtegaz hasi zen 2003an dantzatzen eta orain arte aritu da. Bere aurretik, hiru hamarkada luzez, Pedro Murelaga izan zen ekainaren 29an Kaxarranka dantzatzearen arduraduna. Uskolak gaur [ekainak 29] jantzi du azken aldiz fraka, lepoko zapi gorria eta alkandora eta praka zuriak.
Tradizioari jarraituz, dei eittekuekin esnatu dira lekeitiarrak. Ander Aldazabal alkate berriarentzat ere egun berezia izan da. Lehen aldiz udaleko zinegotziekin eta kofradiako lehendakari eta arduradunekin elizarainoko prozesioa osatu du. Meza eta gero, Lekitto musika bandaren laguntzagaz santuaren irudi aurrera arte joan dira ohitura zaharrari jarraituz Kilin-Kalakoa egiteko. Ordurako jendetza zegoen inguruetan. Uskola ikusteko itxaronaldia luze egin da, azkenean txalo eta irrintzi artean agertu den arte.
Lehen dantzaldiaren ostean, Kofradia aurrean ere dantzatu du. Amaitzerakoan, asko izan dira dantzariarekin argazkia atera nahi izan dutenak. Jendetza plazara lekualdatu da gero. Lehenengo Etorkizuna dantza taldeak emakumeen aurreskua dantzatu du. Emakumeek belaunaldiz belaunaldi dantzatzen duten soka dantza da, Euskal Herrian mantentzen den bakarrenetarikoa.
ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI
Omenaldia. Ostean, azken aldiz dantzatu du Uskolak Kaxarranka. Amaieran, emozioari ezin eutsita behera etorri da. Emozioak, baina, ez dira berarentzako oraindik amaitu, ezustekoak zituen zain. Lehendabizi, Miren Agur Meabek berak idatzitako testua irakurri dio. Gero, herriko hainbat eragilek omenaldi propioa egin nahi izan diote eta banan-banan atera dira herriko plazara: Lekeitioko Udala, Isuntza Arraun Elkartea, Kofradia, Lekittoko musika banda eta Etorkizuna dantza taldea. Denek batera udaletxeko eskaileretan argazkia atera dute azken oroigarri bezala.
Lekeitiarrek oraindik ekintza asko dituzte aurretik gaur [ekainak 29]. Besteak beste, 20:00etan ikastola aurretik hasiko da Zaletxuak taldeak antolatuta danborrada herrikoia Aittitta Makurra txarangak alaituta.