Ez da ekimenik faltako Amorotoko San Martin jaietan
Jai Batzordeak egitarau anitza antolatu du beste urte batez. Krono igoera berreskuratu dute lau urteren ostean. Autobus zerbitzua egongo da uztailaren 4an, 7an eta 8an
Udako lehendabiziko jaietako batzuk dira Amorotoko San Martin jaiak eta, urtero-urtero, inguruko herrietako asko joaten dira bertako jai giroaz gozatzera. Hain zuzen ere, beste urte batez, ez da zereginik faltako, eta musika izango da protagonista handia, uztailaren 3tik 8ra bitartean.
Antolaketa, berriz, askoz arinago hasten da, Jai Batzordea urtarrilean hasi zen lanean. “Musika kontzertuak izaten dira denbora gehien eramaten dutena, lehenengo aukeraketa bat egiten dugu publikoak gustuko izango dituen taldeen artean. Gero, deiak hasten dira”. Aurten, gainera, Ondarroako Zapato Azulak eta Tourrak jaiekin ia bat egiten dute, eta arinago hasi behar izan dira lanean.
San Martin eguna uztailaren 4a bada ere, astelehenean emango diote hasiera egitarauari. Hala ere, jaietako lehen egun handia, beste batzuk badaude ere, martitzena izango da. 11:30ean meza nagusia egingo dute eta, gero, dantza ikuskizuna egongo da Arta-Nagusiren eskutik. Sanmartinen hasiera ofiziala, berriz, ez da Txan Txun Txunen igoera osatu arte egingo, orduan jaurtiko baitute txupinazoa. Amaitu bezain laster, herritarren artean adrenalina gorengo unean dagoenean, Andoni Ollokiegiren ikuskizuna hasiko da plazan. Asteburuan ez ezik, amorotarrek ondo baino hobeto dakite jai giroa aste bitartean sortzen, batez ere data hauetan gazte asko oporretan daudelarik. Gainera, Zopilotes Txirriaos taldeak eta DJ Bullek jai giroa ziurtatuko dute gaueko ordu txikietara arte.
Hurrengo egunean, gazteak baino nagusiagoak izango dira protagonistak. 12:00etan hildakoen aldeko meza egingo dute eta, gero, txikiteoa osatuko dute Naiara eta Izarra trikitilariek alaituta. Hain zuzen ere, giro sanoa nabarmenduko da hirugarren adinekoen bazkarian, 35 nagusi inguruk bazkalduko dute. Hala ere, herriko txikienek ere haien tartea izango dute jolasekin eta osteko txokolatadagaz. Uztailaren 6an, mus eta briska txapelketa egingo dute. Museko izen-ematea 20 euro dira bikoteko eta briskan 15 euro. Txapelak eta dirusariak egongo dira jokoan. Eguena denez, pintxo potean elkartuko dira herritarrak, plazan.
Barikurako krono igoera berreskuratu du Jai Batzordeak. 2019an egin zuten lehen aldiz, eta iaz, pandemia amaitu eta gero, ez zuten astirik izan egitarauan sartzeko, eta aurten bigarren ekitaldia egingo dute. Gaur da izena emateko azken eguna, eta orain arte 17 parte hartzailek eman dute izena. Txirrindulariek 2,5 kilometroko eta %6,7ko bataz besteko igoerari aurre egin beharko diote. Irabazleak txapela jantziko du. Hori gutxi ez, eta orain arteko 5 minutu eta 45 segundoko markarik onena tarte handienagaz hobetzen duenak 100 euroko saria irabaziko du.
Azken urteetako dinamika jarraituz, frontoiko kontzertura sartzeko, sarrera ordaindu beharko da. Taldeek merezi dute: Itziarren Semeak, Xiberoots eta Kaleko Urdangak. Aurretik Bibe.me webgunean erosi daitezke 5 euroren truke edo, bestela, egunean bertan pilotalekuan, 7 eurogatik. Plazan 02:30ean hasiko da Muxutruken erromeria.
Denetariko eta denentzako jaiak dira Amorotokoak. Uztailaren 8an herritarren eguna izango da, batez ere, kuadrillen arteko paella txapelketa jokatuko baita. Parte hartzaileek 14:30ean aurkeztu beharko dituzte paellak, eta irabazi edo galdu, denek batera bazkalduko dute plazan. Bazkalostea galdera jokoagaz egingo dute. 19:00etan Iker Zubeldia eta Ibai Urdangarin bertsolariek Gari eta Iñaki trikitilarien laguntzagaz poteoa osatuko dute herrian zehar. Musikagaz amaituko dituzte jaiak amorotarrek, lehenengo Bide Batez erromeria, gero Malakias eta azkenik DJ Ramix.
Autobusak. Urtero legez, inguruko herritarrek Amorotora arte hurbiltzeko erraztasunak emateko, modu seguru batean gainera, autobus zerbitzua egongo da. Uztailaren 4an eta 8an, Lekeitiogaz konexioa egingo dute, 21:30ean eta 22:30ean aterako dira joaneko autobusak eta 04:00etan eta 06:30ean itzulerakoak. Frontoiko kontzertuetara jende asko hurbiltzen da, horregatik, zerbitzua indartuko dute Lekeitio eta Amoroto artean 21:00etatik 07:00etara autobusak egonez, baita Gababus zerbitzua ere Lea-Artibaiko herrietatik.
Egitaraua:
Uztailak 3
- 20:00. Salbea.
Uztailak 4, San Martin eguna
- 11:30. Meza nagusia.
- Ondoren. Dantza ikuskizuna Arta-Nagusiren eskutik.
- 20:00. Txan Txun Txunen igoera eta txupinazoa.
- Ondoren. Andoni Ollokiegi, plazan.
- 22:30. Zopilotes Txirriaos eta DJ Bull, plazan.
Uztailak 5
- 12:00. Hildakoen aldeko meza.
- Ondoren. Txikiteoa, Naiara eta Izarra trikitilariek alaituta.
- 14:30. Hirugarren adinekoen bazkaria.
- 18:00. Umeentzako jolasak.
- Amaitzean. Txokolatada, guraso elkartearen eskutik.
Uztailak 6
- 18:00. Mus eta briska txapelketa, frontoian.
- 20:30. Pintxo potea, plazako txosnan.
Uztailak 7
- 17:30. Krono igoera.
- 22:30. Kontzertuak, frontoian: Itziarren Semeak, Xiberoots eta Kaleko Urdangak.
- 02:30. Muxutruk erromeria, plazan.
Uztailak 8, Herritarren eguna
- 12:30. Kuadrillen arteko paella txapelketa.
- 14:30. Paellen aurkezpena.
- 15:00. Kuadrillen bazkari herrikoia.
- 17:30. Galdera jokoa.
- 19:00. Bertso triki poteoa. Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin bertsolariak eta Gari eta Iñaki trikitilariekin.
- 22:00. Bide batez erromeria, plazan.
- Ondoren. Malakias. Atzetik. DJ Ramix.