Martin Deunaren Egunean elkartuko dira ispastertarrak
Martitzenerako [uztailak 4] jarri dute hitzordua, Martin Deunaren baselizaren inguruan. Olabarri harri-jasotzaileak 100 kiloko harri borobila jasotzeko saiakera egingo du.
Martin Deunaren jaiak ospatzeko haren baseliza inguruan elkartzen dira ispastertarrak, eta martitzenerako [uztailak 4] hitzordua zehaztu dute. Egitarau xumea prestatu dute, herri kirol erakustaldiagaz.
12:00etan Meza Santuan batuko dira baselizan, eta ondoren harri jasotze erakusketa izango dute aukeran. Urtza Herri kirol taldeak antolatuta, Olabarri harri-jasotzaileak 100 kiloko harri borobila jasotzearen saiakera egingo du. Gero, Ispasterko trikitixa eta pandero eskolakoek alaituko dute eguerdia, eta ikasitakoak erakutsiko dituzte.
Arratsaldean, berriz, Mus eta Briska txapelketan parte hartu ahalko dute bertaratzen direnek.