Gogotik ospatu dute Ondarroako Zapato Azule
Gaur [uztailak 1] jendez lepo bete da herria, kolore urdinez jantzi dute. Radixu Irratiak Zientziaren Giltzak elkartea omendu du. Artea Soinearena izan da Euskal Herriko kamisetarik onena eta Portuko Ranpina ondarroakoa.
Beste urte batez, eta dagoeneko 24 urte dira, Ondarroa txiki geratu da Zapato Azulean. Eguerdirako asko izan dira herriko kaleak kolore urdinez jantzi dituztenak, autobusez, autoz eta baita itsasontziz ere heldu dira.
12:00etan, ohi legez, Nekane Akarregi izan da Zapato Azulari hasiera emateko arduraduna. Aurten, berriz, ez du alboan Manuel Elu izan, presentzialki ez, baina bai mentalki, denen artean jaurti dituzte Eluren ahozko bolandera famatuak. “Lagun maiteek, entzun ondo. Ondarruko Zapato Azule jai zoragarria ospatu daigun modu handi batean, pozez gainezka eta ondo pasatzeak amaierarik ez izatea. Altxa eskuetan duzuena eta egin topa, txin-txin! Osasuna eta askatasuna!”. Orduan jaiak eztanda egin du herriko txoko guztietan. Ttek elektrotxarangak girotu du hasiera, baina bertaratutako guztiek jai girorako gogoak besterik ez zuten. Kresala musika bandaren doinuekin ere motorrak berotu baino gehiago egin dituzte, gora eta behera dantzatuz.
Atzerapen apur bategaz heldu da Dinamartxa, ordurako bero-bero eginda zeuden denak. Berotasun bera eman nahi izan diete Dinamartxako parte hartzaileei, guztira 226 izan dira, 45 mendizale eta 181 txirrindulari. Urteurren berezia izan da gaurkoa [uztailak 1], hain zuzen ere, hamar urte igaro baitira Esne Beltzak Zapato Azuleko abestia kaleratu zuenetik eta baita ere Radixu Irratiak herritarrekin batera bideoklipa grabatu eta kaleratu zuenetik. Horregatik, behin eta berriro entzun da bozgorailuetatik.
Musika zubiaren beste aldera arte heldu da. Latxanbre plazan egin dute Euskal Herriko Kamiseta Azoka. 14 taldek parte hartu dute, Euskal Herriko mailarako zazpik eta Ondarruko beste zazpi: Hondarribiko Luhei, Tafallako Kokotxa, Mutrikuko Tallerra Tatoo, Elorrioko Artea Soinean, Txantreako Maltzurrak, Arrasateko Maitia eta Mutrikuko Rosi Satur eta bestalde Ondarroatik Yaalah, Gure Esku, Aurrera kirol elkartea, Ondarroako arraun elkartea, Portuko Ranpi, Mrabilli eta Radixu.
IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN
Artea Soineanek irabazi du Euskal Herriko kamiseta onenaren saria eta Portuko Ranpik Ondarroakoa. Irabazleak “oso pozik” agertu dira garaipena lortu izanagaz. Horrez gain, Etxeberria Gozotegiak irabazi du herriko erakusleiho onenaren saria. Bestetik, kamiseta erosi dutenen artean Kepa Duranek irabazi du Cantabriko jatetxerako bi pertsonarentzako afaria. Euria une puntualenen batean agertu bada ere, egun eta gau luzea espero da Ondarrun.
Gorde zenbakia. Ondarroako emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluak eta Radixu Irratiak elkarlanean, Zapato Azulean erasoen kontrako arreta zerbitzua martxan jarri dute; 18:00etatik 08:00etara aurrez aurreko zerbitzua eskainiko dute Etxelilan (Artibai 3) eta telefono zerbitzua ere egongo da (688 77 27 72). Gerta daitezkeen erasoak identifikatu eta behar den neurriko erantzuna ematea ahalbidetu nahi dute.