26 urte Esklerosi Anizkoitzaren alde borrokan
Aurten ere, ‘Busti Zaitez’ kanpainak inguruko hondartza eta igerilekuak aldarrikapenez beteko ditu, Esklerosi Anizkoitzaren kausa eta sendabidea ikertu daitezen eskatzeko
Euskal Autonomia Erkidegoan 2.600 pertsonari eragiten die gaixotasunak -batez ere emakumezkoei-, eta geroz eta kasu gehiago ari dira azaleratzen. 26.urtez ekitaldiagaz bat egiten duten hondartza eta igerilekuetan salmentako 60 postutik gora jartzeaz gain, ekimen “ausarta, dibertigarria eta freskoa” egingo dute asteburuan, modu parte-hartzailean gaixotasuna ezagutarazi eta honen inguruan sentsibilizatzeko.
Busti Zaitez ekimenaren bidez, EAEko hiru errehabilitazio-zentroetan gaixotasun neurodegeneratibo hau duten pertsonei eskaintzen dizkieten errehabilitazio-zerbitzuak finantzatzeko funtsak biltzen dituztela azaldu dute Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Fundaziotik. “Elkarteei beharrezko baliabide ekonomiko eta materialak emateko” ere baliatzen dute hitzordua, eta gainera, argi dute “EAri aurpegiak jartzen eta bizipenak eta esperientziak partekatzen” laguntzen duela.
Gaur egun, dagoen sendagai aukerak bizi-kalitatea hobetu duten tratamenduak aplikatzea ahalbidetzen die pazienteei, nahiz eta oraindik ez dagoen argi Esklerosi Anizkoitzaren kausa zein den, eta ez den sendabiderik aurkitu ere. Hain zuzen, sendabide bat bilatzea dute beti fundaziotik jomugan, eta horretarako, ikerketaren beharra azpimarratu dute: “Ikerketa, batetik, mota progresiboenetarako tratamendua bilatzean zentratzen da, aukera terapeutiko gutxien dituztenentzat, eta, bestetik, kalteak leheneratzean”.
Hitzorduak:
- Lekeitio. Isuntza hondartzan
- Ondarroa. Plaiko zubian
Bere herriko gunera hurbildu ezin duenak kanpainan parte hartzeko aukera dauka, Katuky Saguyakiko Mikel Urmenetaren diseinudun produktu solidario bat eskuratuta.