Loraldiak sormenez beteko du Lekeitio
Bigarren urtez jarraian 'Sormen Egonaldia' egingo dute hamabost gaztek uztailaren 10etik 15era. Egonaldiagaz batera ‘Sormen Astea’ antolatu dute hainbat ekintza kulturalegaz.
Lekeitiok bigarren urtez jarraian hartuko du Loraldiaken euskal kulturaren transmisiorako sormen egonaldia uztailaren 10etik 15era. “Iaz hasi ginen gure kulturaren transmisioari ekiten uda giroan. Aste batez gazte talde batek sormen esperientzia ahaztezina bizi izan zuen Lekeition. Aurten bigarren dzangada egingo dugu transmisioaren itsasoan”, adierazi dute antolatzaileek.
18 eta 29 urte bitarteko hamabost gaztek kultur profesionalen tailer espezializatuak eta ikastaro trinkoak jasoko dituzte, egun bakoitzean gai eta sortzaile bat. Uztailaren 10ean Kukai taldeko Jon Maiak dantza tradizionaletik garaikiderako jauzia azalduko du. Hurrengo egunean J Martinak bikoteak, Kattalin eta Ane Barcenak, euskal musikaren gaur egungo egoera izango dute hizpide. Eguaztenean, berriz, Mikel Etxekopar eta Jean Kristian Galtxetaburu Iparraldetik datorren tradizio sormenaren inguruan ariko dira. Uztailaren 13an irudia landuko dute Oskar Alegriaren bidez, magia ‘Zinema eta sormena. Harrapatzeko arte eta arteak’ hitzaldiagaz. Azken-aurreko egunean Uxue Alberdik hitzetik, bertsolaritzatik edo literaturatik, abiatutako idazketa landuko du. Azkenik, Olatz Gorrotxategik arte eszenikoen munduan barneratuko ditu parte hartzaileak.
Loralditik nabarmendu dute sormen egonaldian “egundoko” aukera direla “kultur garaikidean murgiltzeko, sormena pizteko eta gazte giroan primeran pasatzeko”. “Ez dugu esperientziarik eskatzen, deskubritzeko gogoa baino ez. Hitza, gorputza, irudia, soinua, arte eszenikoak eta transmisioa landuko dituzte. Begirada panoramikoa izango da. Gure geroa eraikitzeko baliagarriak diren trebetasunak eskainiko ditugu”.
Paraleloki. Sormen egonaldiagaz batera, Loraldiak Sormen Astea egingo du Lekeition data berdinetan. Parte hartzaileetako batzuk izango dira bertan baita bestelako artistak ere. Batzuk doakoak izango dira, kalean egiten direnak, eta Ikusgarri zinema aretokoak ordaindu beharko dira. “Transmisio tailer teoriko praktikoez gain, sormen astea ere antolatu dugu Lekeitioko hainbat espaziotan. Egunero emanaldi bat. Egunero sormena bizitzeko modu bat. Denontzat, publiko guztientzat zabalik eta sortzaileekin ideiak trukatzeko aukerarekin”.
Egitaraua:
- Uztailak 10, 19:30ean: Kukai taldearen Gelajauziak dantza ikuskizuna, San Juan Talakoan. Euria egingo balu, Kontzejupean. Doan.
- Uztailak 11, 20:00etan: Ruper Ordorikaren Bakarka kontzertua, Ikusgarri zinema aretoan. Sarrera orokorra 8 euro eta Loraldiaren bazkideentzat 5 euro.
- Uztailak 12, 20:00etan: Mikel Etxekopar eta Jean Kristian Galtxetaburu kontzertua, Ikusgarri zinema aretoan. Sarrera orokorra 5 euro eta Loraldiaren bazkideentzat 3 euro.
- Uztailak 13, 20:00etan: Oskar Alegriaren Emak bakia! zinema proiekzioa, Ikusgarri zinema aretoan. Sarrera orokorra 5 euro eta Loraldiaren bazkideentzat 3 euro.
- Uztailak 14, 19:30ean: Iholdi eta Ibabe Beristainen Gazteak, euskara eta beste piztia mitologiko batzuk bakarrizketa musikatua, San Juan Talakoan. Euria egingo balu, Ikusgarri zinema aretoan. Doan.
- Uztailak 15, 18:30ean: Olatz Gorrotxategiren zuzendaritzapean Udako Olako gazteen ikuskizuna, plazatik hasita. Doan.