Uztailaren 10ean jarriko dituzte martxan Lekeitioko alde zaharreko zirkulazioa mugatzeko matrikula irakurgailuak
Sistema berria astelehenean [uztailak 10] jarriko dute martxan Gamarra, Tala, Txatxo Kaia eta Arranegiko sarreretan. Baimenak eskatu daitezke.
Lekeitioko Udala alde zaharra oinezkoentzako eremu behin betiko bilakatzeko urteetan zehar zirkulazioa kudeatzeko sistema desberdinak jarri ditu martxan. Berez, sarbidea bizilagunen joan-etorrietara eta merkataritagaz lotutako ibilgailuetara mugatzen da. Hala ere, esan dute azken urteetan zirkulazioa “handituz” joan dela eta horrek galtzadak eta espaloiak “hondatzen” zituela. Orain arteko pibote sistemak “traba handiak” sortzen zituen larrialdietarako ibilgailuentzako. Gainera, arazo mekanikoak “ohikoak” zirela adierazi dute.
Konponbidea aurkitzeko, ordenantza berria egin dute. Sarrera ez ezik, hauek gunean igarotzen duten denbora mugatuko dute. Ibilgailuen matrikulak irakurriko dituen kamerak jarriko dituzte. Argitu dute kamerek soilik matrikulak grabatuko dituztela, ez pertsonak edo bestelako elementuak. Horrela, sarrera-irteeren eraginkortasuna bermatu nahi dute.
ALDE ZAHARREKO SARRERAK ETA IRTEERAK
Zirkulazioa kudeatzeko sistema berria astelehenean [uztailak 10] jarriko dute martxan. Hasteko, Gamarra, Tala, Txatxo Kaia eta Arranegiko sarreretan ekingo diote. Alde Zaharrean sarrera irekita egongo da erabiltzaile guztientzat astelehenetik zapatura, 08:00etatik 13:00etara. Baina, ordutegi horretatik kanpo eta domeka eta jai egunetan soilik baimenduak sartu ahalko dira. Azken horiek gehienez ere 30 minutu egon ahal izango dira. Era berean, baimendu bakoitza sarrera zehatz batetik sartu ahalko da, erroldatuta dagoen etxebizitzatik gertuen dagoena, hain zuzen ere. Gainera, zonaldean gehienez 20 km/orduko abiaduran gidatu ahalko da. Ordutegiz kanpo eta baimen gabe Alde Historikoan sartzen diren ibilgailuek isuna jasoko dute.
Baimenak. Alde zaharrean sartu ahal izateko baimenak batzuek bakarrik eskuratu dezakete. Astelehenetik barikura eskatu daitezke udal bulego orokorretan 09:00etatik 14:00etara. Hala ere, salbuespeneko sarrerak egiteko aukera egongo da, beti ere aurretiaz udaltzaingora eskaera bidaliz.
Hurrengokoek eskuratu dezakete baimena:
- Alde zaharreko etxebizitza batean erroldatuta dauden pertsona fisikoak edo bertan egoitza duen pertsona juridikoak.
- Alde zaharrean dauden merkatal edo ostalaritzako lokalen titularrak; edota, lokalak alde horretan eduki ez arren, ondasunak edo zerbitzuak etxerik etxe banatzen dituztenak.
- Konponketak eta obrak egiten dituzten enpresak.
- Udalerrian auto-taxi lizentziak dituzten titularrak.
- Zerbitzu bereziak eta larrialdikoak
- Plazapeko garajean emakida duten titularrak.