Giro ederrean ospatu dute Herritarren Eguna amorotarrek
Ez da ekimenik falta izan Amorotoko San Martin Jaietako azken egunean. Kuadrilen arteko Paella Lehiaketan 12 taldek eman dute izena.
Udako lehendabiziko jaietako batzuk dira Amorotoko San Martin jaiak, eta urtero-urtero inguruetako herrietako jende asko erakartzen dituzte. Hala ere, Herritarren Eguna izaten da jaietako azken eguna eta beste urte batez, Jai Batzordeak egitarau zabala antolatu du ospakizunak amaitzeko.
Paella prestaketek bete dute Amorotoko plaza; txikienek zein nagusienek otordu koloretsuak prestatu dituzte, bakoitzak bere ukitua emanaz. 12 bat izan dira lehiaketara aurkeztu diren paellak, eta ondoren, irabazi edo galdu, bazkari herrikoiaz gozatu dute guztiek, giro paregabean.
Sabela betetakoan, kontzentratu eta garuna estutzeko unea iritsi zaie amotarrei galdera jokoan parte hartzeko. Iluntzeko 19:00etan, jokoaren adrenalina igarota, Iker Zubeldia eta Ibai Urdangarin bertsolariek Gari eta Iñaki trikitilarien laguntzagaz poteoa girotu dute.
Musikagaz amaituko dituzte jaiak amorotarrek, lehenengo Bide Batez erromeria, gero Malakias eta azkenik DJ Ramix ariko baitira bertan.
Urtero legez, gainera, Amorotora joan-etorriak egiteko, autobus zerbitzua jarri dute inguruko herritarrentzat. Lekeitiogaz konexioa egingo dute: 21:30ean eta 22:30ean aterako dira joaneko autobusak eta 04:00etan eta 06:30ean itzulerakoak.