“Osakidetzan murrizketarik ez, herri txikiak bizirik” mobilizazio dinamika, martxan Aulestin
Aulestiko herritarrek egin dute prentsaurrekorako deia, herriko eragile desberdinen, udalaren eta herriko osasun langileen babesagaz.
“Osakidetzan egiten ari diren murrizketak ikusita”, datorren hilabeteetarako mobilizazio dinamika bat jarri dute martxan Aulestin, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko “Osakidetzan murrizketarik ez dezala egin eta herritarrek lehen arreta zerbitzua herrian jasotzea berma dezan”. Medikua eta erizaina egunero herrian egon daitezen galdegin dute.
Salatu dute inguruan murrizketak “agerikoak” direla eta osasun arreta “etengabe gutxitzen” doala. Gainera, nahiz eta egoera orokortua izan, azpimarratu dute zerbitzuen gutxitze hauek “bereziki” eragiten dietela herri txikiei: “Pediatra eta ginekologia zerbitzua geroz eta urrutiago daukagu, edozein txanda emateko urtebetetik gorako itxaron zerrendak dauzkagu eta askotan ez dakigu gaixorik gaudenean nora jo behar dugun”. Gainera, herri txikien kasuan langile euskaldunen beharra dagoela berretsi dute, arretaren kalitatea eta segurtasun klinikoa bermatzeko “ezinbestekoa delako pazientearen hizkuntzan ematea zerbitzua”.
Nabarmendu dute egoera honek ez diela herritarrei soilik eragiten, zuzeneko inpaktua dauka Osakidetzako langileengan ere. “Geroz eta baldintza eskasagoetan ari dira lanean, ezjakintasunean eta noraezean kasu askotan, eta beraien aldarrikapenekin bat egiten dugu, Osakidetzako langileentzat lan baldintza duinak nahi ditugu”.
Datozen egunetako mobilizazio dinamika:
- Gaur eta bihar eguerdian plazan egongo dira herritarren sinadurak batzen.
- Datorren astean zehar, sinadurak batuko dituzte herriko tabernan, dendan, mediku kontsultan eta Udaleko idazkaritzan.
- Uztailean eta abuztuan barikuro konzentrazioa egingo dute, 12:00etan.
- Kaxa bat jarriko dute mediku kontsultaren aurrean, herritarrei Osakidetzako murrizketek zertan eragin dieten jasotzeko.