Eguraldi nahasiari aurpegi ona jarri diote Markina-Xemeingo Kuadrillen Egunean
Zelaia eta Zelai ingurua txiki geratu dira paella herrikoia egiteko. 2.861 lagunek umore onez eta kontu eta kantuz jantzi dute jaietako hitzordu kuttuna.
Ikusgarria. Horrelakoa ari da izaten Markina-Xemeinen Kuadrillen Eguna (uztailak 15). 09:00etarako Zelaian bildu dira paella jan herrikoirako prestaketekin hasteko. Zalantza bat edo beste ere izan dute, ilun esnatu baita eguna; lainotsu. Euriak ere egin du agerpena, baina herri bazkariagaz aurrera jarraitzea erabaki dute denen artean. Eguraldi nahasiari aurpegi ona jarri, eta umore onez bete dute jaieguna. Udal ordezkariek eskerrak eman nahi izan dizkiete goizean goiz batu diren guztiei, “erakutsitako prestutasunagatik eta jarrera bikainagatik”.
Kamiseta eta alkandora koloretsuek hartu dituzte Zelaia eta inguruak. Paella goxoak egiteko osagaiak prestatzen hasi dira apurka-apurka lagun taldeak. Ez da inor falta izan, horren adierazgarri paella janean parte hartu duten 2.861 herritarrak. Inoiz baino parte hartze handiagoa izanda, Zelaiaz kanpo ere mahaiak jarri behar izan dituzte, denak kabitzeko.
Bazkalostean, Zelaiko agertoki handira igaro da ikuskizuna. Herritxouak dantzan jarri ditu guztiak, agertokian ezeze, mahaien inguruan bilduta zeudenak ere bai. Uhagoneko antzerki taldeko gaztetxoek ezin hobeto aurkeztu dute show-a, Eneko Arrateren gidaritzapean.
Bederatzi talde/bakarlari egon dira agertokian, eta lehiaketan zortzik parte hartu dute. Sei sari banatu dituzte. Parte hartze saria Doctor Dance eta Lonek jaso dute, Euskararen presentzia saria Lauskorrek eta Olgetanek, Originaltasunarena Olgetanek eta Iban Mendizabalek, Publikoaren erantzunaren saria Suzko gameluak eta Harro-Mirenek, Sortutako giroaren saria Sekula Holakoik eta Suzko gameluak, Agertokiko jarreraren saria Olgetanek eta Jantzien saria Suzko gameluakek.
Udalak argi utzi du jaietan ere ez dela inolako jarrera eta eraso matxistarik onartuko
Eraso matxistak eta lapurreta. Markina-Xemeingo Udalak jakinarazi eta salatu du barikuan (uztailak 14) buruhandien irteera bertan behera geratu zela, buruhandi zihoazen neska batzuek irain sexistak eta ukituak jasan zituztelako. Udalak argi utzi du jaietan ere ez dela inolako jarrera eta eraso matxistarik onartuko. Sare sozialen bidez erasorik bariko karmenak aldarrikatu ditu. Beste alde batetik, zapatu goizaldean txosnagunean lapurretan egin zutela salatu dute Txosna Batzordeak. Materiala eta dirua lapurtu zituzten: “Beste behin, Markina-Xemeinen herrigintzaren kontrako eraso bat jasan dugu. Ez dugu onartzen! Txikitik eta herritik beharrean dabilena laga bakean!”.Â