Liburu Azokak ateak ireki ditu
Gaur (uztailak 15) eguerditik uztailren 23ra arte, berrikuntzak eskuratu ahalko dira Alamedan, Euskadiko LIburu Ganbararen ekimenez.
Urtero uztailean gertatzen den modura, kulturaren plaza bihurtu da gaur (uztailak 15) Ondarroako Alameda. Eguerdiaz geroztik, Euskadiko Liburu Ganbararen ekimenez, zabalik dago Liburu Azoka. Ohi legez, diskoak ere eskuragarri daude.
Urtero bezala, eskaintza zabala aurkituko dute irakurzaleek salmahaiz salmahai, tartean euskal idazleen azken lanak. Gaztelaniaz idazten duten ohiko idazleen lanak ere eskuratu daitezke, bai eta nazioarte mailako idazleen eskaintza ere.
Plaza ona. Argitaletxeentzako plaza ona da Ondarroa. Bertoko gaiak lantzen dituzten obrek eta euskal literaturak harrera ona edukitzen duen plaza, eta horiek nabarmentzen dira salmentetan urterik urte. Argitaletxeetakoek salmentetan eguraldiak izan ohi duen garrantzia aipatu dute: “Ez eguraldi txarra ez onegia dagoenean ibiltzen da jende gehien. Nahikoa ondo joaten dira urterik urte salmentak”.
Uztailaren 23ra arte egongo da Liburu Azoka zabalik.