Euskal Herria Perimetrala, hiru egun eta 1.100 kilometro "gaixotasunak dituzten umeen alde"
Helmugak proiektuak euskara, kirola, natura eta pertsonen baloreak elkartzen ditu erronka solidarioetan.
Helmugak proiektua erronka solidarioetan euskara, kirola, natura eta pertsonen baloreak elkartzen dituen lagun talde baten amets edo ilusio bat da, horren bidez, mundu mailako txoko desberdinak ezagutu eta gizarte ekimen eta proiektu solidarioei laguntzeko kanpainak jartzen dituzte martxan. 2020an hasi zen proiektua izena hartzen, Agertxo Pirata erronka solidarioa Berriatuan antolatu zenean. Ordutik, besteak beste, Hiru Erregeen Mahaia mendira egin dute bizikletan joan-etorria, Orhi mendira, Zarauztik Zarautzera doan SR Euskal Herria ibilbidea egin dute, Euskal Herriko kostaldea ere zeharkatu dute eta aurtengoa guzti horien jarraipena da.
Autengoan, Euskal Herria perimetrala izenekoan, 1.106 kilometro egingo dituzte hiru egunetan, Euskal Herriaren perimetroa zeharkatuaz eta 17.000 metrotako desnibela eginaz “gaixotasun desberdinak dituzten umeen alde”. Erronka “oso gogorra” dela adierazi dute. Eguenean [uztailak 20] Berriatutik irtengo dira 11:00etan eta Euskal Herriari bere forma emanaz, bere perimetro osoa zeharkatuz bira osoa emango diote 75 ordutan, domekan, berriz Berriatura heldu arte.
“Bizikleta gaineko orduetan beti hitz egiten dugu hurrengo erronka zein izatea nahi dugun, buruan ditugun gure ametsak edo erronkak bagoaz gutxinaka betetzen eta aurtengoaren ideia beti geneukan egiteke”. Aurten, “ahalik eta perimetralena” egin nahi dute bidea, horregatik ematen ditu ibilbideak “bira arraro batzuk”. Sareetatik zabalduko dute txirrindularien egoera, eta uneoroko kokaleku bat ere helaraziko dute GPS bidez jarraipena egin nahi duenarentzat. Deia ere egin diete herritarrei, nahi duena kilometro batzuk beraiekin egitera animatu nahi dute.
[EGIN DIRU EKARPENA, KLIK BATEN]
Helburua urtero da berdina: dirua biltzea gaixotasunen bat daukaten umeei laguntzeko. 2020tik lan egin izan dute Aspanovas elkarteagaz eta hau albo batera utzi gabe, “Agertxo Pirataren esentzia beti mantentzeko”, haur edo ume gehiagorengana heldu gura izan dute aurten. Bizipozak elkarteagaz harremanetan jarri ostean, haurren gaixotasun desberdinekin lan egiten duten lau elkarteri laguntzea ematea erabaki dute: Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa.
Aurtengoa da elkarlanaren hasiera, eta helburua da datorren urtean beste erronka bat eta jai “handi” bat egitea, “datorren urterako asteburu osorako jai polit bat ere prestatu nahi dugu elkarte hauekin elkarlanean” amaiera emanaz proiekuaren etapa honi. “Pozez hartzen dute laguntza, ez baita laguntza ekonomikoa soilik, beraien ekimenak eta borrokak ere plazaratzeko helburua daukagu”.
Nola egin ekarpena. Kukumiku atarian, Helmugak proiektuaren orrialdea bilatu eta ekarpena egin daiteke transferentzia edo bizum bidez. 2020an helburua zen 600 km eginaz 600 euro batzea, eta 12.000 euro lortu zituzten. Aurten, kilometro bakoitzeko euro baten kopurua lortuz gero “oso pozik” egongo dira: “Datorren urtean, beharbada, joango gara erronka edo ametsa handitzen”. Momentuz, diru bilketa irekita dago, eta erronka egin bitartean eta datorren urteko jaia amaitu arte “ahalik eta diru gehien batu” nahi dute lau elkarteen artean banatzeko.
[EGIN DIRU EKARPENA, KLIK BATEN]