Transmaribibollo poteoa, Lekeitio "leku seguru eta bizigarria" izan dadin
Transmaribibollo poteoa egin zuten atzo [uztailak 24] Lekeition “armahirutik irten eta lumak astintzeko” helburuarekin, herriko eta inguruetako “bollera, biziose, kapaz, maritxu, trans, marioker, desbiau eta genero disidenteak” batuaz.
Txatxo txiringitoan batu eta ekintza zuzenaren bidez “Paskualito drag-eatu” ondoren hasi zuten jaia. Ondoren “poteo desbiatua” hasi zuten musika, lumak, “brilli-brillia” eta genero gabeko komunak dituzten tabernei emandako sariak tarteko. Eguna amaitzeko, HotKiu-ren Mariliendre musika sesioa izan zuten Galarrenan, “fantasia bat” izan zela nabarmendu dute, “gutxi izan ginen, baina gozatu ederra izan zen dantzaldi sesio queer-a lumak izkutatzeko beldurrik barik”.
Salatu dutenez “ez dago egiten ari zaretenerako eskubiderik” esaldia entzutea ere jasan behar izan zuten eta horren aurrean diote: “eskubideen inguruan bagabltza, eskubiderik ez egotekotan, herriak guretzako espazio gozagarririk ez izateagatik izango da”. Horrexegatik batu ziren, hain zuzen ere, Lekeitio “leku seguru eta bizigarria” izan dadin aldarrikatzeko “baimenik eskatu barik”.
Hala ere, ekimenaren balorazio positiboa egin dute Armahiru mugimenduko kideek.