Ondarroa Arraun Elkarteak bigarren urtez jarraian lehiatuko du Kontxako Bandera
Lekittarra zortzigarren izan da ondarrutarrengandik bi segundo baino gutxiagora. Faborito nagusiek ez dute hutsik egin. Domekan [irailak 3] lehiatuko dute lehen estropada.
Ezusteko gutxi izan dira gaurko [abuztuak 31] Donostiako Kontxako Banderako sailkapen estropadan. Hain zuzen ere, Ondarroa Arraun Elkarteak eman du akaso ezustekorik handiena eta aurrea hartu dio Isuntzari bi segundo baino gutxiagogaitik. Lekeitiarrek ziabogan 8 segundo galtzen zituzten ondarrutarrekiko, baina azkenean estutu eta hurbildu egin dira.
Iñigo Larrinaga patroia “oso pozik” agertu da: “Oso harro egin dugun estropadagaz, bate ere kanporantza, eta beste bi estropada lehiatzeko eskubidea lortu dugu. Beroketan ere kanporantza oso sentsazio onak genituen eta barrurantza ere, baina olatuka zen gehiago, ez dugu ezer gorde. Klubarentzako berezia da gainera 50. urteurrena delako eta ohore bat da, oso pozik gaude”.
Ondarrutarrekin batera ariko dira Bermeo Urdaibai, Hondarribia, Zierbena, Orio, Cabo, Getaria eta Donostiarra etxeko trainerua. Gizonezkoek eguaztenean [abuztuak 30] emakumeek izan zituzten baino itsaso baldintza hobeak aurkitu dituzte: arraun egiteko moduan zegoen. Horregatik agian ez da egon ezusteetarako tokirik. Mutriku, adibidez, oso urrun geratu da.
Txandak. Sailkatze estropada amaituta, lehen estropadako txanda zozketa egin dute. Lehen txandan ariko dira Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Zierbena eta bigarrenean Cabo, Getaria, Bermeo Urdaibai eta Ondarroa.
Sailkapena:
- Zierbena: 20:01.80
- Hondarribia: 20:16.86 (+15.04)
- Orio: 20:17.84 (+16:04)
- Bermeo Urdaibai: 20:22.40 (+20.60)
- Cabo: 20:33.50 (+ 31.70)
- Getaria: 20:35.08 (+33.28)
- Ondarroa: 20:38.32 (+36.52)
- Lekittarra: 20:40.04 (+38.24)
- Kaiku: 20:45.20 (+43.40)
- Ares: 20:48.34 (+46.54)
- Arkote: 20:50.51 (49.70)
- Lapurdi: 20:46.24 (+54.44)
- Samertolameu: 20:56.70 (+54.90)
- Santurtzi: 20:57.38 (+55.58)
- San Pedro: 21:02.20 (+1:00.40)
- Bueu: 21:14.00 (+1:12.20)
- Tiran: 21:16.36 (+1:14.56)
- Zumaia: 21:17.96 (+1:16.16)
- San Juan: 21:22.52 (+1:20.72)
- Zarautz: 21:31.28 (1:29.48)
- Deustu: 22:11.12 (+2:09.32)
- Busturialdea: 22:22.38 (+2:20.58)
- Hibaika: 22:25.96 (+2:24.16)
- Mutriku: 22:33.94 (2:32.14)