Ane Urrestik zilarrezko domina lortu du Goiherri-Abadinogaz, Munduko Sokatira Txapelketan
Lur Gaineko Munduko Sokatirako Txapelketa lehiatu du asteburuan Mutriku Sokatira Taldeak. Gainera, taldeko zazpi tiratzaile euskal selekzioarekin aritu dira.
Lur Gaineko Munduko Sokatirako Txapelketa lehiatu dute euskal taldeek eta euskal selekzioak asteburuan Surseen, Suitzan, eta bertan egon dira Mutriku Sokatira Taldekoak. Gainera, taldekako emakumezkoen 23 urtez azpiko 500 kilokoan, Goiherri-Abadiño taldeagaz lehiatuta, zilarrezko domina eskuratu du Ane Urresti ondarrutarrak; finalean Txina Taipeiko Jingmei Dai Shi Dai taldearen aurka 3-0 galdu zuten. Maila horretan, hirugarrena izan zen Gaztedi, eta brontzea eskuratu zuen.
Abuztuaren 31n hasi eta domekan [irailak 3] amaitu zuten lehia, bi zatitan banatuta. Alde batetik, kluben arteko Munduko Txapelketa jokatu zuten –bertan izan zen Mutrikuko Sokatira Taldea– lehenengo, eta, bestetik, selekzioen artekoa. Mutrikuarrek 640 kiloko eta 680 kiloko lehietan parte hartu zuten talde bezala, baina ez zuten dominarik lortu. Emaitza azpimarragarririk lortu ez arren, puntako taldeen artean aritzeagatik “pozik” agertu dira. “Talde mailan ez dugu espero bezain beste lehiatu. 640 kiloko kategorian gogor lehiatu, eta pozik geratu ginen egindako lanarekin, baita emandako mailarekin ere. Zortzigarren geratu ginen klub modura”, azaldu du Aitor Etxebarria entrenatzaileak. 680 kilokoan ere parte hartu zuten, baina taldeko gazteenei lehiatzeko aukera eman gura izan zien, eta “errazago galdu” zutela dio Etxebarriak.
Talde modura txapelketa “oso ondo joan ez arren”, sokatira taldeko zazpi partaidek euskal selekzioarekin lehiatu izana eurentzako “lorpen handia” dela dio: “Zazpi taldekide sartu ditugu euskal selekzioan, eta hori lorpen handia da guretzat. Gainera, Urrestik Goiherrigaz domina lortu du. Lorpen handienak horiek dira”. Hain zuzen ere, Urrestiz gain, 23 urtez azpikoetan euskal selekzioarekin parte hartu zuten Aitzol Etxeberriak eta Urdax Agirregomezkortak. 680 kilokoan, berriz, Patxi Ituarte, Beñat Urkiza, Unai Goitiandia eta Gorka Areitionaindia aritu ziren. “Urdax izan zen euskal selekzioagaz aritzen gazteena, baina iaz ere Munduko Txapelketan egon zen Mutrikuko taldearekin. Aurten, selekzioarekin ez, baina Eriz eta Oinatzek ere taldearekin lehiatu dute, eta eurentzako lehenengo esperientzia polita izan da”, azaldu du Etxebarriak.
Munduko Txapelketa lehiatzea “sekulako esperientzia” dela dio entrenatzaileak: “Euskal Herriko txapelketara bost talde joaten gara, eta munduko txapelketan, esaterako, 42 talde aritu ginen 640 kiloko lehian. Beste mundu bat da. Lehiatzera doaz denak, eta maila onean gainera. Pozik gaude esperientziarekin. Gainera, esperientziak balio du gazteek ikusteko sokatira ez dela Euskal Herriko hiru baserritarren jokoa bakarrik, baizik eta kirol unibertsala dela”. Denetara 320 talde inguru izan ziren, denetariko kategoriatan eta hainbat pisutan lehiatzen.
Bi domina, euskal selekzioarentzat. Selekzioen artekoan, gizonezkoen 560 kiloko lehian, Euskal Herriak 3-0 hartu zuen mendean Eskozia, baina finalean ezin izan zuen Suitza garaitu: 3-0 galdu zuten, zilarrezko domina eskuratuz. Bestalde, euskal selekzioak beste zilarrezko domina bat kolkoratu zuen 580 kiloko maila mistoan: finalerdietan Italiari 2-1 irabazi zion, baina finalean suediarrak euskaldunak baino indartsuagoak izan ziren, 0-3 nagusituz.