Berriatua, mutiletan, eta Markina-Xemein, nesketan, Espainiako zesta-punta txapeldun
Domekan [irailak 10] Madrilen jokatu ziren 54 metroko frontoiko final handiak.
Lea-Artibai zesta-puntaren erreferente izaten jarraitzen du. Azken egunetan Espainiako 54 metroko frontoiko zesta-punta txapelketa jokatu da Madrilen eta bertan eskualdeko eskolak nagusitu dira, gizonezkoetan zein emakumezkoetan.
Nesketan, gainera, Markina-Xemeinek eta Berriatuak jokatu zuten final handia. Zumaia (15-4/15-14) eta Mutrikuko Danok Bat (15-12/12-15/10-4) taldeak hartu zituzten mendean finalaurrekoetan, finalerako txartela lortuz. Nor baino nor gehiago aritu ziren beste behin, enegarren aldiz azken urteetan, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrek eta Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal berriatuarrak. Finala espero bezain estua izan zen, batez ere bigarren seta. Lehendabizikoa 15-10 irabazi zuten Mugartegik eta Lejardik, baina bigarrenean, berriatuarrek estutu egin zuten, ez nahikoa ordea, eta 15-14 gailendu ziren markina-xemeindarrak txapela herrira eramanez.
Gizonezkoetan ere Antxon Alberdik eta Roberto Lekuek gogotik egin behar izan zuten lan garaipena eskuratzeko. Finalerdietan, 15-10 eta 15-14ko emaitzagaz nagusitu ziren Zumaiaren aurka. Finalean Noaineko Martin eta Ruben zituzten zain. Emakumezkoetan ez bezala, lehen seta izan zen estuena: 15-14 berriatuarren alde. Bolada ona hartuta, Alberdik eta Lekuek joko maila altua erakutsi zuten bigarren setean 15-9 irabazi eta txapela janzteko.