Euriteen ondorioz kalteak egon dira eskualdean
Mutrikun, oraindik orain, argirik gabe daude zenbait lokal.
Atzo arratsaldeko lehen orduan mendebaldetik sartutako ekaitzak kalteak eragin ditu, bezperako iragarpen meteorologikoak gaindituta. 17:30ak aldera heldu zen euri jasa handiena Lea Artibai eta Mutriku ingurura, eta eskualde osoan garaje, lokal zein establezimenduetan sartu da.
Izan ere, euri jasa heldu aurretik, itsas-tragarroi bat ikusten zen itsasoan Mutriku aldetik, etortzear zegoenaren seinale. Hau, itsas azaletik altxatzen den aire beroa aire-masa hotzago batekin kontaktuan jartzen denean uraren gainazalean sortzen da. Handik minutu gutxira, metro karratuko 35 litro zenbatu ziren Mutrikun, eta malda askoko herria izanik, urak beherantz egin zuen ezinbestean.
Batez ere Zubiaga Plazan utzi ditu ekaitzak irudi ikusgarrienak eta baita kalteak ere. Gaztetxean, Potero okindegian, Maider Pinto estetika zentroan eta Kalaputxiren bulegoan sartu da ura, besteak beste, eta gaur gaurkoz, batzuk argi gabe daude eta ura ateratzen jarraitzen dute jabeek zein Udal langileek. Hala ere, ohiko arazoa dute Zubiaga plaza inguruan, eurite handia izaten den egunetan estoldak urtez gainezka egiten baitute.
Mutrikuz gain, besteak beste, Berriatuko BI-633 errepidearen zati bat ere, Ibarra futbol zelaiaren aurreko aldea, urpean gelditu zen arratsaldeko tarte baten, eta autoen joan-etorria oztopatuz. Etxebarrian, urak hartutako errepidearen erdian geratutako pertsona bat laguntzera joan behar izan ziren Suhiltzaileak.
Abisua. Abisu maila igo dute Euskal Herri osoan eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du 15:00etatik 22:00etara, “prezipitazio handiagatik”.