Helena Azkarragaurizarrek irabazi du Peru Abarka lehiaketako ilustrazio saria
Yolanda Larreategik irabazi zuen 'Puta gorda' testuagaz narraziorik onenaren saria. Urriaren 27an egingo dute liburuaren aurkezpena.

Larreategi idazlearen Puta gorda narrazioaren ilustraziorako hiru proposamen aurkeztu dira. Epaimahaia Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxea udal zinegotziak, Malen Amenabar Larrañaga ilustratzaileak eta Asier Beltza Erein argitaletxeko kideak osatu dute. Jakinarazi dutenez, “aho batez” hartu dute marrazkilari eta disenatzaile arrasatearraren ilustrazioen aldeko hautua. Azkarragaurizar Arte Ederretan graduduna da eta diseinuaren arloko ikasketa osagarriak egin ditu.
“Puta gorda narrazioak kontatzen duena, zoritxarrez, gaurkotasun handia daukan gaia da, eta arriskua zegoen literalki interpretatu eta horretara lerrokatzeko. Berak, ordea, estereotipoetan erori gabe egindako proposamena aurkeztu du”, esan dute epaimahaikideek. Larreategiren testua irakurrita istorioa “ikusi” egiten zela nabarmendu zuten narrazio onenaren saria iragarri zutenean, orain, berriz, ilustrazioen gehigarriekin “are bisualagoa” bihurtu dela esan dute, “erabat nabarmen geratu gabe”.
Amenabar ilustratzaileak nabarmendu du irabazlearen ilustrazioak “organikoak” direla. Hain zuzen ere, Amenabarrek bi aldiz irabazi du ilustrazio saria, baita Yolanda Larreategik ere, batera aurkeztu zuten 2020an Bi txantxangorri haritz adarrean albuma. Azkarragaurizar arrasatearrak eta markina-xemeindarrak urriaren 27an aurkeztuko dute liburua.
Oinarriak. Horrenbestez, Azkarragaurizarrek irabazi du 2.000 euroko saria eta Erein Argitaletxearekin lana argitaratzeko aukera. Irailaren 1ean amaitu zen lanak aurkezteko epea. Lana aurkeztu dutenek ilustrazio bikoitza DIN A-3 formatuan guztiz amaituta eta koloretan egin behar izan dute eta portadaren zirriborroa eta Story boardak gutxienez lau ilustrazio aurkeztu. Edozein teknika erabili ahal izan dute, betiere formatu digitalean aurkeztuta.