"Aspaldiko parte hartzaileenak” izan dira Lekeitioko San Antolin jaiak
Udalak “gogor” salatu ditu emandako erasoak eta “oso larritzat” jo ditu anbulatorioan izandako mediku falta.
Egun batzuk pasa dira lekeitiarrek Antero datorren urtera arte agurtu zutenetik, eta ohi modura, San Antolin jaietako balorazioa egiteko unea heldu zaio udalari. Horretarako, herriko eragile, udal langile eta herritarren iritziak jaso dituzte hausnarketa egin aurretik.
Azpimarratu nahi izan dute aurtengo sanantolinek parte hartze “handi-handikoak” izan direla, “aspaldiko parte hartzaileenak”: “Bajadako lehen txaranga soinutik hasi eta Koittaduko agurrera arte kaleak bizi-bizirik egon dira”. Horregatik, herritarrak “txalotu” nahi izan dituzte, batez ere auzolanean aritu direnak. “Zuen lanari esker jai herrikoien izaera bizirik dago, eta ez daukagu inongo dudarik etorkizunean ere horrela izaten jarraituko duela”. Era berean, jaietan udal langileek egindako lana “lehen lerrora” ekarri nahi izan dute, “zuen lan isilak mantentzen du herria zutik”.
Bestelako hausnarketarako tartea ere egon da, adibidez, esan dute oraindik sakondu behar dutela Antzar Egunerako portuan egindako hobekuntzetaz eta Antzar Batzordeagaz batera lanean jarraituko dutela. Zaborraren inguruan “hausnartu eta neurri eraginkorragoak” hartu behar direla esan dute. Udalak aurten komun publiko eta edukiontzi gehiago jarri dituen arren, “hobetzen jarraitu” behar dutela esan dute. Horrez gain, herritar asko zaratagaz “arduratuta” daudela adierazi dute eta “aztertu beharreko” gaia dela esan dute.
Lekeitioko Udalak “gogor” salatu ditu jaietan emandako zortzi eraso matxista zein homofoboak eta haien “konpromiso irmoa” berretsi du. “Erasorik gabeko herri feminista eta aske batera bidean politika eraginkorrak garatu behar dira”. Alde horretatik, Txosna Batzordeak egindako lana zoriondu nahi izan dute eta izandako elkarlana eskertu: “Erasotuek erreferentzia moduan hartu dute Txosna Gunea laguntza eske jotzeko”.
Udalak “oso larritzat” jo du irailaren 1ean, 2an eta 5ean herriko anbulategian medikurik ez izatea, “nahiz eta behin eta berriro eskatu den medikua ekartzea”. Jakinarazi dute Antzar Egunean udalak jarri zituela mediku eta erizaina herritarren babeserako. “Oso larritzat jotzen dugu milaka jende batzen dituen jai batzuetan Osakidetzak mediku zerbitzurik ez ematea. Osasun zerbitzu publiko duinak behar ditugu urte osoan zehar eta hori lortzeko lanean gabiltza”.
Azkenik, dagoeneko datorren urteko jaietarako “aurrera pausoak” emateko lanean daudela “denon artean eta denontzako jai aske eta bizigarriak” lortzeko helburuagaz.